Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Euskararen Nazioarteko eguna 2025. Adierazpena

Euskararen Nazioarteko eguna 2025. Adierazpena

Euskarak bide luzea egin du.
Luzeena, agian, Europa zaharrean.
Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau,
hazi eta berritzen ari da.
Zein da sekretua?
Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur
arte ekarri duena?
Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta
ahalegin.
Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi,
gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du.
Debekuen aurrean, eutsi genuen.
Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.
Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen
hizkuntza izatera pasa da.
Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna.
Euskararentzat aukera berriak zabalik daude.
Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.
Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea,
zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua.
Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.
Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.
Horregatik, unea da.
Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide
berriak jorratzeko unea.
Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik
erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune
erosoak sortzeko unea.
Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa
indartzeko unea.
Euskararen ezagutza zabaltzeko unea.
Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu
eta berriak irabazteko unea.

Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna
emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta
ausartak egiteko unea.
Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu.
Eta prest gaude!
Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera.
Elkarrekin egiteko.
Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz
bizi eta biziarazi dutenei.
Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak
oraindik ere zuen beharra du.
Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio
positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko,
Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.
Euskara da!
Guztiontzat da.
Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.
Batzen gaituen hizkuntza bat.
Elkar ulertzeko gonbidapen bat.
Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari.
Eta euskararekin, edonori.
Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko
ditugu, denon artean.
Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.
Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu.
Norberetik hasita egingo dugu bidea.
Guztion baitan baitago euskararen jauzia.
Zugan, nigan, gugan.

X