Jarrai Gaitzazu

Home  /  KANPO PROIEKZIOA

KANPO PROIEKZIOA

Sortu zenez geroztik, eta zerbitzu publiko bat izan nahi duela kontuan hartuta, Euskal Herriko Musikako Goi-mailako Ikastegiak ongi zaindu du inguruarekiko harremana. Horregatik, herrialdeko musika- eta kultura-erakunde gehienekin harreman estuak ezarri ditu, ez bakarrik unean-unean hitzarmen edo akordioak sinatuz, baita 2010-2011 ikasturteko krisialdiaren ostean areagotu diren helburu batzuei erantzunez ere. Kontzertuen produkzioaren alorrean Musikenek gizartean lortu duen presentzia nabaria da horren adierazgarri nagusietako bat. Alde batetik, jendearen aurrean jotzeko aukera ematean, prestakuntza erreala ematen zaie ikasleei, eta profesionalizaziora hurbiltzen dira; bestetik, Musikene bezalako ikastegi bat mantentzeko eta garatzeko egiten duen ahalegina “itzultzen” zaio gizarteari. Azkenik, kultura-erakundeek zein herritarrek oro har ikastegian egiten den lana ezagutzea lortzen da. Filosofia horri jarraikiz, Euskal Herriko Musikako Goi-mailako Ikastegiak lanean dihardu buru-belarri, iristen zaizkion proposamen guztiei erantzuna ematen ahaleginduz. Azken sei urte hauetan argi geratu da kontzertuen eta eszenatokien kopurua handitu egin dela eta hainbat erakundek Musikenerekin lankidetzan jarduteko eskaera kopurua ere gorantz doala. Gaur egun ikastegia musika- eta hezkuntza-erreferentzia da, urtean gutxi gorabehera ehun kanpo-kontzertu ematen dituena, gehienak gure egoitzan eta autonomia-erkidegoko beste eszenatoki batzuetan, baina baita Estatuan eta Europako gainerako herrialdeetan ere.

Musikenek harremanak dauzka herrialdeko kultura- eta hezkuntza-agente guztiekin, ikastegiak sortutako proposamen guztiei eta beste batzuekiko harremanetik sortutakoei erantzunez eta betiere gure ikasleen prestakuntza jomugan jarriz. Harreman horiek osatzen dute ikastegia sendotzera datorren beste ezaugarri bat. Hitzarmen eta kolaborazio berrien kopurua igo egin da, eta lehendik daudenak areagotu egin dira. Hori ikastegiaren nortasun-ikur bihurtu da dagoeneko, eta uste osoa dugu elkar aberastearen mesedetan doala.

Azkenik, azpimarratzekoa da Musikeneren helburu nagusietako bat dela ikastegiaren eta ikastegiak garatzen dituen jardueren benetako irudi bat ematea. Horregatik, ikasgeletan egiten den lanaren zabalkundea areagotu dugu azken urte hauetan, komunikabideetara joz prentsa, irrati eta telebistako programak sustatzeko, elkarrizketak egiteko eta prentsaurrekoetan parte hartzeko. Horrek guztiak komunikabideen arreta erakarri du, ikastegiaren gaia agendan bildu dute, eta publikoak Musikeneren irudi errealago bat dauka une honetan.

HITZARMENAK
Hitzarmenen garrantzia Musikenerentzat

Musikenek, Estatuko erreferentziazko goi-mailako musika-zentro izanik,  eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, hainbat erakunderekin lankidetza hitzarmenak ezartzeak duen balio estrategikoa aitortzen jakin du. Akordio hauek, ikastegiaren eskaintza akademiko eta kulturala aberasteaz gain, bere posizionamendua indartzen dute estatuan eta nazioartean.

90 hitzarmen baino gehiago sinatuta, gai hauekiko Musikenek duen konpromisoa erakusten dute:

  • Ikasleentzako aukerak zabaltzea: hartu-emanetarako programak, praktika profesionalak eta bekak baliatuz, Musikeneko ikasleek dituzten trebetasunak garatu ditzakete inguru ezberdinetan, eta musika prestakuntza aberastu.
  • Ikerketa eta sorkuntza artistikoa sustatzea: beste erakunde batzuekin lankidetzari esker, elkarrekin ikerketa-proiektuak bultza daitezke, kultura-ekitaldiak antola daitezke eta musika obra berriak sor daitezke.
  • Kultura- eta gizarte-ehunarekin harremanak estutzea: orkestra, kontserbatorio, jaialdi, musika tradizionaleko erakunde eta bestelako kultura-erakundeekin egindako hitzarmenek musika zabaltzen eta ikastegiaren eta gizartearen arteko lotura indartzen laguntzen dute.
  • Nazioartekotzea sustatzea: atzerriko erakundeekin egindako akordioen bitartez ikasleen eta irakasleen hartu-emana, nazioarteko proiektuetan parte hartzea eta

Musikene musikaren esparru globalean proiektatzea erraztu egiten da.

Azken batean, hitzarmenak funtsezko tresna dira Musikenek goi-mailako musika-irakaskuntzan erreferente izaten jarrai dezan, bikaintasun akademikoa, berrikuntza eta euskal musika-kulturaren hedapena sustatuz.

Sinatutako hitzarmenen zerrenda:

ERAKUNDEA URTEA
DONOSTIAKO MUSIKA ESKOLA 2002
LOIOLAKO PARROKIA 2003
ZARAUZKO UDALA 2003
EHU/UPV 2004
FRANCISCO ESCUDERO KONTSERBATORIOA 2004
EUSKADIKO ORKESTRA 2006
ORQUESTA DE GRANADA 2006
CORO EASO 2007
DONOSTIAKO KIROL PATRONATUA 2007
EUSKO IKASKUNTZA 2007
KUTXA (FUNDAZIOA) 2008
DONOSTIAKO UDALA 2011
SAN INAZIOKO PARROKIA 2011
BOS 2013
MUSIKAGILEAK 2013
QUINCENA MUSICAL / MUSIKA HAMABOSTALDIA 2013
SMASH 2013
DONOSTIAKO JAZZALDIA 2014
DONOSTIAKO ORFEOIA 2014
ERESBIL 2014
BILBAO MUSIKA 2015
DSS2016 - EMUSIK 2015
GOETHE INSTITUT 2015
KURAIA 2015
SINKRO 2015
ABBAYE AUX DAMES 2016
BEASAINGO UDALA 2016
ERRENTERIA MUSIKAL 2016
JOSÉ LUIS TEMES 2016
JÓVENES MÚSICOS DE EUSKADI 2016
REUNION BIG BAND 2016
SGAE 2016
SORBONNE NOUVELLE 2016
UNIVERSITY OF NIS (SERBIA) 2016
CENTER FOR BASQUE STUDIES (RENO) 2017
CONSERVATORIO DEL TOLIMA 2017
EL DIARIO VASCO 2017
FÉLIX IBARRONDO 2017
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA 2017
INTERMEZZO 2017
INST. IBEROAMERICANO DE FINLANDIA 2018
ORCHESTRE FRANÇAIS DES JEUNES 2018
ORPHEUS 2018
AIX-EN-PROVENCE 2019
ANTONIO LAUZURICA 2019
BERKLEE COLLEGE OF MUSIC 2019
BLACKBINDER 2019
CONSERVATOIRE MAURICE RAVEL 2019
CONSERVATORIO PAU 2019
DOCK OF THE BAY 2019
DONOSTIA KULTURA 2019
ERESBIL + EHU 2019
FLORIDA SOUTHERN COLLEGE 2019
HARMONY GAMES 2019
HAUSPOZ 2019
MUSIKA BULEGOA 2019
PESMD BORDEAUX NOUVELLE-AQUITAINE 2019
ROCE 2019
SOCIEDAD CORAL DE BILBAO 2019
UNIV. POLIT. DE VALENCIA 2019
UNIVERSIDAD EAFIT (KOLONBIA) 2019
UNIVERSITÉ TOULOUSE 2019
ANDRA MARI ABESBATZA 2020
DRUNKAT 2020
JAKIUNDE 2020
ZURIÑE F. GERENABARRENA 2020
CIKLUS 2021
CLASCLAS 2021
DEUSTUKO UNIBERTSITATEA 2021
DIGIPEN 2021
EUSKANPUS FUNDAZIOA 2021
GETXO KULTUR ETXEA 2021
IBAETAKO ESPIRITU SANTUAREN ELIZA 2021
JAZZON! 2021
SAN BIZENTE ELIZA 2021
UKRAINA-KHARKIV NATIONAL UNIVERSITY OF ARTS 2021
AIE 2022
CHILLIDA LEKU 2022
FESTIVAL RAVEL 2022
FEVAS-PLENA INCLUSIÓN 2022
HENDAIAKO UDALA - GUITARALDE 2022
INSTITUTO FRANCÉS 2022
KSIGUNE: AIDO PROJECT 2022
KSIGUNE: ORGANOZ BLAI 2022
OPUS LIRICA 2022
FUNDACIÓN MATÍA 2022
BANDA DE TXISTULARIS DE BILBAO 2023
SGAE - JAZZ 2023
ESAS 2023
DONOSTIA MUSIKA 2023
ORQUESTA SINFÓNICA DE NAVARRA 2023
SOINUENEA 2023
ABAO 2024
SOCIEDAD FILARMÓNICA DE BILBAO 2024
UNIVERSIDAD MAHIDOL TAILANDIA 2025
NAZIOARTEKO HARREMANAK

Sortu zenez geroztik, Musikenek EtxeparerenJalgi hadi mundura!famatua bere egin zuen Euskal Herrian hezitako musikarien nazioarteko ezinbesteko integrazioa helburu axial bihurtzeko; aldi berean, bere erkidegoko lurraldetik haratagoko musikarien arreta erakarri nahi zuen ikastegiak. Bere ibilbidearen lehen urtetik aurrera, Musikenek askotariko nazionalitatetako irakasleak izan ditu, britainiarrak, frantsesak, holandarrak, poloniarrak, japoniarrak eta beste hainbat herrialdetakoak, eta guztiek ere, denborarekin etengabe zabalago eta sakonago egin den ildo emankorra ezarri dute, arrasto aitzindari bat utzita. Lehenengo une batean Garth Knox, Frédérique Cambreling edo Erik Chapman egon ziren gurean, eta geroago Pierre-Emmanuel de Maistre-k, Maciej Pikulski-k, Katalin Hajnóczy-k edo Anthony Pay-k hartu zuten hastapenetako bultzatzaile haien lekukoa, Musikeneren historia akademikoa ezin ezabatuzko eran markatu duen komunitate kosmopolita horretako izen batzuk ematearren. Hala, ikastegiak nazioarteko harremanen sare oparoa sortu du, musikariak zein ikastegi akademikoak bilduz: esaterako, Erasmus sarearekin eta sare hori bultzatzen duen proiketuarekin guztiz inplikatu da. Gure irakasle, ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileek Europako tresna emankor hori ongi baliatu dute, beren esperientzia eta jakintza zabaltzeko, eta, ildo horretan, gure ikastegiaren bizitzan oihartzuna duten lotura batzuk ezartzeko: urtero-urtero, Musikeneko ikasle, irakasle eta administrazioko langileak Europako ikastegietara joaten dira, eta gurean, berriz, kanpotik etorritako ikasle eta irakasleak hartzen ditugu. Guretzat ohikoa da Europako ikastegi ospetsuenetatik hona etortzeko eskaerak jasotzea. Batzuk bakarrik aipatzearren, Helsinkiko Sibelius Academy, Koloniako Hochschule für Musik und Tanz Köln edo Varsoviako The Fryderyk Chopin University of Music ikastegietako irakasle, ikasle eta langileek egin digute elkar ezagutzeko eskaera. Gaurko egunean, Musikenek hitzarmen sinatuak dauzka atzerriko 18 herrialdeetako 48 kontserbatorio eta musika-eskolarekin, eta Europako Kontserbatorioen Elkartean parte hartzen duenez, harreman horiek estu ditzake, eta gure irakaskuntzetan, haien eraldaketa eta eguneratzean eta hezkuntza-eskaintzaren kalitatearen azterketan eragina duten Europako programetarako ekarpenak egin ditzake.

 

Bere bost zuzendaritza-etapetan, Musikenek hainbat programa garatu ditu musikari eta irakasle gonbidatuekiko harremana sustatzeko masterclasseen bitartez, eta horri esker sare plurala zabaldu du sail eta espezialitate guztietan: Marie-Pierre Langlamet, Raphael Haeger, Martin Fröst, Ed Neumeister, Radovan Vlatkovic, Yayoi Toda, Ivo Pogorelich edo Antonella Massimo dira horren adierazgarri, beste hainbaten artean. Sormenaren esparruan, tailerrak eta konpositoreen egonaldiak finkatu direla esan dezakegu. Hastapenetan, “Musikene Actual” ekimenaren lehen edizioetan, Simon Holt eta Ivan Fedelen izan genituen gurekin. Orain gutxi, berriz, DSS2016 ekimenarekin ezarritako kolaborazioak ahalbidetu du 2016an Helmut Lachenmann eta 2017an Peter Eötvös ekartzea, bakoitza bere profil eta helburuekin. Helmut Lachenmann-ekiko esperientziak orkestra-lan berri bat egiteko aukera eman zuen, instrumentu-baliabide berriak ikertuz, Mikel Urquiza konpositore egresatuaren omenaldi-obra bat estreinatuz eta konposizio-tailerretan eztabaida estetiko eta ideologiko bizia eta zorrotza bideratuz. Peter Eötvös, berriz, konpositore eta orkestra-zuzendari gisa azaldu zitzaigun, Budapesteko Eötvös Fundazioarekiko truke-esparru zabalago baten barruan. Eötvös-ek Musikeneren Orkestra zuzendu du Hungariako zenbait konpositoreren (Liszt, Bartók eta Kurtágha, eta Marcell Dargay gaztea) obratan. Aitzol Iturriagagoitia, José Luis Estellés eta Christian Wetzel irakasleen eskutik iritsi zaigu Musikeneko irakasle taldearen egungo dinamismoaren beste erakusgarri bat. Izan ere, truke-esparru batean gonbidatutako Leipzigeko eta Koloniako Hochschüle ikastegietako irakasleekin batera, bi asteko jarduera-programa antolatu dute Isan Yun-en obraren inguruan. Proiektu horri amaiera emateko, Musikeneren Sinfoniettak kontzertu bat eman zuen, Manuel Nawri Berlingo Hans Eisler kontserbatorioko irakaslearen zuzendaritzapean.

 

Une honetan, diziplina anitzeko proiektu berrien perspektibak dauzkagu aurrez aurre, egiteke dauden garrantzizko zenbait zereginekin batera. Besteak beste, Frantziako kontserbatorio hurbilenekiko (Bordele, Tolosa eta Baiona) harremana sendotzea, haiekin espazioak eta helburuak partekatzen ditugun heinean. Hamabost urteko ibilbidean, Musikenek azkar lortu du nazioarteko ospea sendotzea. Horri esker, musikariak erakarri egiten ditu gaur egun, eta hori ezbairik gabe izugarri interesgarria da guretzat, ikasleek garatzen jarraitzeko eta ingurune profesionalean aurrera egiteko behar duten oihartzuna aurkitzen dutelako horrela.

MUSIKENEK-IN. PROIEKTU SOZIOEDUKATIBOAK

Musikenek gizartearekiko konpromisoa eta heziketa biltzen dituen ildo berri bat du, eta ildo hori garatzeko hainbat proiektu egiten ari gara Musikenek-IN izenburupean.  Ekintza horien helburua bikoitza da: alde batetik, musikarekin gizarteko sektore guztietara iristea eta, horretarako, proiektuak sortzea eta borondatez parte hartzea horietan; eta, bestetik, ikasleak balioetan oinarrituta heztea eta, horretarako, lanbide-arloko erronka berriei aurre egiteko prestatzen ditugu.  Ildo horretan sartzen dira Onkologikoan egiten dugun lana, Invisible Beauty proiektuaren barruan Alzheimerra duten gaixoekin egiten dugun lankidetza eta ikasturte bakoitzean kolektibo desberdin bati eskaintzen diogun kontzertua.

 

Musikeneren kezka nagusietako bat gizartean egoera ahulenean dauden sektoreetara iristea izan da beti. Horrek adierazgarri, Pedagogia Sailak hamarkada bat baino gehiago darama ikasleak hainbat kolektiborekin –dibertsitate funtzionala dutenekin, gizartean eta kulturan egoera ahulean dauden kolektiboekin– harremanetan jartzeko proiektuak garatzen; hori guztia ikasgaien bitartez egiten dute –Musikari aplikatutako psikopedagogia II, Heziketaren soziologia– edo ikasketa-amaierako lanaren bitartez.  Horretaz gain, Lisarco dantza-konpainiarenSynergy ikuskizunean parte hartu dugu, Down sindromea duten dantzariekin, eta kontzertu didaktiko eta integratzaileei buruzko prestakuntzako mintegietan parte hartu dugu. Halaber, patologia jakin batzuk dituzten kolektiboekiko sentiberatasuna agertu izan du Musikenek; azken hamar urteotan kontzertuak eskaini izan ditu bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkartearentzat (Katxalin), baita Donostiako Onkologikorako ere. Gaur egun, bi proiektu nagusi garatzen ari gara: bata osasun-zentro horrekin, 2016. urteaz geroztik, eta bestea Invisible beauty, AiDo Project dantza garaikideko konpainiak, Dantzaguneak eta Afagik (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) elkarlanean garatzen dutena –Musikene 2017aren amaieran sartu zen–. Jarduera-ildoa berean, Musikene Vura Project GKEarekin elkarlanean ari da; GKEak musika-eskola bat du Ugandan.  Gainera, 2017/18 ikasturtean Musikenek kolektibo bati eman dio kontzertuetako batean ateratako dirua, dohaintzan. Lehenengoa 2018ko maiatzean izan zen; Musikeneko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak parte hartu zuten, Víctor Pablo Pérez zuzendari zela, eta AECC Minbiziaren aurkako Elkartearentzat izan zen dirua.

 

ONKOLOGIKOA

2014. urtean Musikene, Pedagogiako sailaren gidaritzapean, musika-hezkuntzako programa bat egiteko lanean hasi zen, musikako ikasle eta irakasleak balioetan hezteko helburuarekin. Proiektua 2016an abiatu zen DSS2016 kultura-hiriburuaren laguntzarekin, eta bi lankidetza-ardatz hartu zituen aintzat. Musikenek musikoterapeuta, psikologo, pedagogo eta musikariz osatutako talde bat sortu zuen eta harekin jardun zuen, eta talde horri Onkologikoko osasun-langileak gaineratu zitzaizkion, zenbait tailerretan elkarlanean aritzeko. Proiektuaren barruan, halaber, Musikeneko bakarlari eta taldeek kontzertu laburrak eman zituzten Onkologikoan, Kapsula musikalak programaren barruan.

 

Invisible Beauty

Invisible Beauty proiektu sozial bat da, AiDo Project dantza garaikideko konpainiak garatua Alzheimerra duten pertsonentzat. AFAGI Alzheimerra edo beste dementzia dutenen senitarteko eta lagunen elkartearentzat sortu zen eta Dantzagunea zerbitzuarekin elkarlanean jarri zen martxan. Dantzan ikaskuntza- eta sorkuntza-prozesuak errazteko sustatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea zerbitzua. 2017an Musikenek bat egin zuen ekimenarekin, bere instalazioak erabiltzeko erraztasunak emanez eta tailerretan zuzeneko musika eskainiz. Iker Arrue dantzari eta koreografoak zuzentzen du jarduera hau, dantza garaikidea tresna gisa erabiliz. Proiektu horri esker, ikasleek, balioetan oinarritutako hezkuntza jasotzeaz gain, gaitasun espezifiko batzuk ere garatzen dituzte, pertsona horiekin elkarlanean.

X