TOMÁS VIDALek III. ESAS-MUSIKENE SARIA JASO DU
Musikenek III. ESAS–Musikene Sariaren banaketa
Tomás Vidal pianistak Leopoldine Blahetka konpositoreari eta XIX. mendeko musikako genero-estereotipoei buruz egindako lanagatik jaso du saria.
Tomás Vidal Vera (Valdepeñas, 2005) izan da sariduna, María José Cano Espín irakasleak zuzendutako «Leopoldine Blahetkaren Op. 46 lana eta XIX. mendeko pianorako nokturnoan emakumeen genero-estereotipoak haustea» izeneko ikerketa-lanari esker.
Tomás Vidalek hamar urterekin hasi zuen musika-prestakuntza, eta hamasei urterekin onartu zuten Musikenen. 2026ko ekainean graduatu zen bertan, Marta Zabaleta irakaslearen gidaritzapean. Bakarlari gisa aritu da hainbat hiritan, besteak beste, Ciudad Realen, Bilbon eta Helsinkin. Hainbat lehiaketa nazional eta nazioartekotan ere saritu dute, hala nola IV. Certamen Ibérico de Piano eta XII. María Herrero Piano Competition lehiaketetan. 2025-2027 aldirako, JORCAMeko (Madrilgo Erkidegoko Gazte Orkestra eta Abesbatza) piano-jotzaile titularra da. Horrez gain, klabezin- eta Filosofia-ikasketak egiten ari da UNEDen.
Ikerketak Leopoldine Blahetkaren(1809-1885) figura berreskuratzen eta haren balioa nabarmentzen laguntzen du, eta, era berean, gizarte- eta kultura-testuinguruek musikaren sorkuntzan, interpretazioan eta harreran izan duten eraginaz hausnartzen du. Horrez gain, musika-ondarea aztertzeko eta transmititzeko ikuspegiak zabaltzeko beharra azpimarratzen du».
Horrela, ikerketak Blahetkaren ondareari balioa ematen laguntzen du, eta gizarte- eta kultura-testuinguruek musikaren sorkuntzan, interpretazioan eta harreran duten eraginaz hausnartzeko aukera ematen du.
Aintzatespen horren barruan, ESASek Inge Conde artista grafikoaren lan bat ematen dio sarituari, ESAS – Musikene Sariaren oroimenezko opari gisa sortua. Hirugarren edizio honetan, urretxindor bat irudikatzen du, sormenaren, harmoniaren, jakinduriaren eta inspirazioaren sinboloa. Bere kantuak hainbat emakume sortzaileren ahotsak ere ekartzen ditu gogora, beren talentua eta ekarpena gorabehera, musikaren historian beti merezi duten lekua aurkitu ez dutenak.
Hirugarren edizio honekin, ESASek eta Musikenek emakume sortzaileak ikusarazteko, ezagutza sortzeko eta kultura musikal berdinzaleagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko konpromisoa berresten dute.