HISTORIA
MUSIKENE – EUSKAL HERRIKO GOI-MAILAKO MUSIKA IKASTEGIA
Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia da Musikene, Eusko Jaurlaritzak 2001-2002 ikasturtean sortutakoa (73/2001 Dekretua) musikako goi-mailako irakaskuntzak emateko. Kalitatezko irakaskuntzaren aldeko apustua egiten duen ikastegia da, eta interpretazioari, konposizioari, zuzendaritzari eta pedagogiari buruzko eremuetan lanbide-kualifikazioa bermatzen duena. Musikeneren helburu nagusia zera da, ikasleei lan-munduan sartzea errazteko prestakuntza-erreminta egokiak ematea, betiere musikak XXI. mendean eskatzen dituen eskakizun berriak kontuan hartuta.
Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegirako Fundazio Pribatuak gidatzen du Musikene. Patronatua da Fundazioaren gobernu, administrazio eta ordezkaritzarako organoa; hala ere, legeek uzten duten neurrian, beste organo batzuk edo Fundazioko langile batzuk eskuordetzeko ahalmena izango du.
Musikenek nortasun juridiko propioa eta independentea du, eta bere estatutuek zein aplikatzekoak zaizkion legezko xedapenek arautzen dute.
Eusko Jaurlaritzaren eskutik jasotzen dituen dirulaguntzen bidez finantzatzen da batez ere Musikene.
Musikeneren hezkuntza-filosofiaren funtsezko elementuetako bat ikasle bakoitzaren talentuaren garapenari ematen zaion arreta da, ikasle horrek gaikuntza profesionaleko maila handia lortu dezan. Lan-merkatuan bere egresatuengandik espero diren mailen arabera dago bideratuta irakaskuntza. Horretarako, maila pedagogikoan aitortutako prestigioa duen irakasle-plantilla du Musikenek, eta irakasle horiek, aldi berean, nazioarteko proiekzioa duten kontrastatutako musikariak dira, solista edo Europako orkestra onenetako kide gisa, konpositore gisa edo garrantzizko zuzendari gisa. Ikastegiak urte askoko esperientzia duten espezializazio handiko irakasleen aldeko apustua egin du gai bakoitzean.
Curriculumari dagokionez, espezialitateko gai espezifikoak eta gai teoriko-humanistikoak elkartzen ditu, azken gai horiek nahitaezkoak direlarik goi-mailako irakaskuntzari atxikitako hezkuntza integrala bermatzeko. Arrazoi hori dela-eta, adierazitako gaiak ez dira osagarri huts gisa hartzen eta, aitzitik, espezialitate bakoitzak lortu nahi dituen helburu konkretuei loturik daude.
Horrenbestez, Musikenen ematen den irakaskuntza ez da prestaketa tekniko zorrotz batera mugatzen eta, aitzitik, prestakuntza artistiko, teoriko eta humanistiko sendo batekin osatzen da. Gainera, ikastegiak arlo profesionala ezagutzeko aukera asko ematen dizkie bere ikasleei hitzarmen ugariren bidez. Horrela, kualifikazio integrala izango duten profesionalak prestatzen ditu Musikenek, musika bikaintasunezko mailan egiteko gai direnak eta, aldi berean, musikari buruzko gogoeta egiteko eskudunak direnak.

IKASLEAK
Urteak aurrera, Musikene erreferentziazko erakunde bihurtu da Estatuko musika-ikasle guztientzat, baita beste herrialde batzuetakoentzat ere, eta hori ikasleen aniztasun geografiko handian nabari da.
Lehiaketa ospetsuenetan urtez urte lortutako sari ugarietan ikusi da ikasleen gaikuntza handia, baita orkestra sinfonikoetan eta irakaskuntza-zentroetan sartzeko egindako oposizioetan ere.
Musikenen ikasleek kalitate handiko irakaskuntza jasotzen dute, kualifikazio handiko prestigiozko irakasleekin, eta erakundearen kategoriarekin eta izen onarekin bat datozen giza baliabide eta baliabide materialekin.
