Musikene Big Bandek kontzertua eskainiko du Emilio Solla pianista eta konpositorearen zuzendaritzapean
Musikene Big Bandek kontzertua eskainiko du azaroaren 6an, ostiralean, 19:00etan, Musikene-ko auditorioan, Emilio Solla pianista, konpositore eta moldatzaile argentinarraren zuzendaritzapean. Solla zentroko artista gonbidatua izango da. Jazzeko ikasleek nazioartean ospe handia duen musikariarekin lan egiteko aukera izango dute. Latin Grammy sari baten irabazlea da, eta Grammy sarietarako sei aldiz izendatu dute.
Emilio Solla New Yorken bizi den musikari argentinarra da. Piano klasikoan trebatu zen Buenos Airesko Musika Kontserbatorio Nazionalean, eta Jazz Konposizioko masterra egin zuen New Yorkeko Aaron Copland School of Music eskolan. Bere lehen proiektua, Apertura (1986), Astor Piazzollak goraipatu zuen, Buenos Airesko eszenako proposamen interesgarrienetako bat zela esanez. Hamabost disko lider gisa eta berrogeita hamar baino gehiago moldatzaile zein ekoizle gisa argitaratuta, tango-jazzaren ahots originalenetako bat da; tangoa eta Argentinako folklore jatorra jazza eta beste musika garaikide batzuekin fusionatzen dituen generoa, hain zuzen ere. Paquito D’Rivera, Arturo O’Farrill, Yo-Yo Ma eta Edmar Castañeda bezalako artistekin lan egin du.
2015ean, bere La Inestable de Brooklyn orkestra Grammy sarietarako izendatu zuten Second Half diskoagatik, eta 2019an bere Tango Jazz Orchestrak Puertos kaleratu zuen, Jazz Album Onenaren Latin Grammy saria jaso zuen lana; aldi berean, bere La Novena konposizioa Moldaketa Instrumental Onenaren Grammy sarirako izendatu zuten. Azken urteetan esparru sinfonikora zabaldu du bere lana, eta estreinaldiak egin ditu Bartzelonan, Chicagon eta Buenos Airesen.
Artista-ibilbideaz gain, irakaslea da New Yorkeko New School of Music-en, eta eskolak ematen ditu Europako, AEBetako eta Latinoamerikako unibertsitate zein kontserbatorioetan.
Kontzerturako sarrera doakoa eta librea izango da, edukiera bete arte.
Programa osoa hemen.
Musikene Big Band kontzertua
Azaroak 6, ostirala
Musikeneko auditorioa
19:00