Musikenek hiru jarduera eskainiko ditu Ondarearen Europako Jardunaldietan
2026an, Ondarearen Europako Jardunaldiek erronka berrien ondorioz mehatxupean dagoen ondarea ezagutzera eta haren babesean, kontserbazioan eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko lanean inplikatzera gonbidatzen gaituzte.
Testuinguru horretan, Musikenek hiru jarduerarekin hartuko du parte, Euskal Herriko musika-ondarea ezagutarazteko eta haren balioa nabarmentzeko.
Urriaren 16an, 16:30ean, José Ramón Rementería parrokiako organo-jotzaile titularra eta Federico Cifuentes, organoa zaharberritzeaz arduratu den organogile maisua, izango ditugu gidari, Abandoko San Bizente Martiriaren parrokiako 1894ko Aquilino Amezua organo sinfoniko handian barrena.
130 urte eta 2026an amaitu zen zaharberritze baten ostean, berriz ere entzun dezakegu instrumentu monumental horren aberastasuna. Haren sekretuak, hura zaharberritzeko erronka teknologikoak eta soinuarekin egin dezakeena ezagutuko dugu, soinu harrigarriak dira oraindik ere, eraiki zenetik mende bat baino gehiago igaro izan arren.
Info+
Urriaren 23an, Musikenek eta Arakil Fundazioak SOS organoak! Zergatik eta zertarako zaharberritu behar ditugu gure organoak? jarduera antolatuko dute Tolosan. Aitor Olearen eskutik, Euskal Herrian ditugun organoei, haien ezaugarriei eta balioari errepasoa egingo zaie. Ondoren, Ana Belén García, Anton Mendizabal, Jon Bagues eta Esteban Landart gonbidatuekin mahai-ingurua egingo da, gure organoak eta instrumentu hauetarako idatzitako euskal konpositoreen errepertorioa zabaltzen nola lagundu daitekeen hausnartzeko. Azkenik, Esteban Landartek eta Musikeneko organo-ikasleek kontzertua eskainiko dute Tolosako Santa Maria elizako Stolz Frères organoan.
Info+
Azaroaren 25ean, Musikenek eta Eresbilek Soinua duten irudiak jarduera eskainiko dute. Ba al zenekien Euskal Herriko eliza, museo eta artxiboetan gordetzen diren margolanak, eskulturak eta erliebeak ere musika-dokumentuak direla? Musika-ikonografiak musika-tresnak, musikariak edo soinu-eszenak agertzen diren irudikapen artistikoak aztertzen ditu, eta, horrela, iraganeko musika-bizitza ezagutzeko iturri bakar eta ordezkaezin bihurtzen dira. Bi hitzalditan ondare hauskor bezain baliotsu horri buruz hitz egingo dugu: sakabanatua, gutxi ezagutua eta hondatu eta ahazteko arriskuan dagoena.
Info+
Kolaboratzaileak:

