Musikenek 25. urteurrena ospatuko du Usandizagaren “Las Golondrinas” obrarekin Kursaalean
Musikenek, bere 25. urteurreneko mugarri nagusietako bat ospatuko du José María Usandizaga (1887-1915) konpositore donostiarraren Las Golondrinas obra enblematikoaren interpretazioarekin. Hitzordua azaroaren 20an izango da, ostirala, 19:30ean, Kursaal Auditorioan, eta agertokian bilduko ditu Musikene Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoia, Jesús Echeverría maisuaren zuzendaritzapean.
Bakarlarien zerrenda Musikeneko lau ikaslek osatuko dute: Ainhoa Izaguirre sopranoak, Vinaixa Gartzia mezzosopranoak, Iñigo Fernandez tenoreak eta Hodei Yáñez baxuak. Haiekin batera, Rajiv Cerezo Chugani baritonoak parte hartuko du artista gonbidatu gisa; Alemanian bizi den abeslari madrildar honek ibilbide nabarmena du estatuko nahiz nazioarteko agertokietan.
Musika-zuzendaritza Jesús Echeverríaren esku egongo da. Vienan eta Londresen trebatua, nazioarteko ibilbide sendoa du, eta besteak beste Euskadiko Orkestra, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa edo Errusiako Orkestra Nazionala zuzendu ditu; gainera, Estatuko auditorium nagusietan aritu da eta birak egin ditu Japonian eta Polonian. Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendari elkartua (2015-2018) eta Errioxako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra (2018-2023) izan da. Konpositore gisa, sari ospetsuak jaso ditu, hala nola Pablo Sorozábal, Joaquín Turina edo Injuve sariak, eta enkarguzko obrak estreinatu ditu, tartean bere D’Artagnan opera edo Perkusio eta orkestrarako kontzertua. Gaur egun, bere jarduera artistikoa Musikeneko Kanpo Harremanetarako zuzendariorde eta Analisi irakasle karguekin uztartzen du.
Las Golondrinas, jatorrizko bertsioan, hiru ekitaldiko zarzuela handi bat da, María Lejárragaren eta Gregorio Martínez Sierraren Saltimbanquis draman oinarritua. Madrilgo Teatro Circo Pricen estreinatu zen 1914ko otsailaren 5ean, eta arrakasta izugarria lortu zuen, hasieratik José María Usandizaga gaztearen talentua agerian utziz.
Estreinaldiaren arrakastaren ondoren, hurrengo urteetan hainbat hiritan antzeztu zen obra —besteak beste, Bilbon, Donostian, Valentzian eta Zaragozan—, eta Uruguaira eta Argentinara ere iritsi zen. Konpositorea 1915ean gazterik hil ondoren, bere anaia Ramónek partituraren bertsio berri bat egin zuen, elkarrizketa mintzatuak kenduta. Opera bihurtutako egokitzapen hori Bartzelonako Gran Teatre del Liceun estreinatu zen 1929ko abenduaren 14an. Hain zuzen ere, bertsio hori da Kursaalean interpretatuko dena.
Kontzertu honekin, Musikenek bere 25 urteko ibilbidea ospatzen du, bere gaitasun artistikoari eta musikari belaunaldi berrien prestakuntzarekiko duen konpromisoari balioa emanez, eta, aldi berean, euskal musika-ondarea zabaltzen lagunduz. Donostiari horren estuki lotutako obra bat interpretatzeak, gainera, Usandizagaren figurari eta haren musika-ondareari omenaldia egitea dakar.
KONTZERTUAREN INFORMAZIOA
LAS GOLONDRINAS, José María Usandizaga
Eguna: 2026ko azaroaren 20a, ostirala
Ordua: 19:30
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia
Sarrerak hemen
MUSIKENE ORKESTRA SINFONIKOA & DONOSTIAKO ORFEOIA
Zuzendaria: Jesús Echeverría
Abesbatzako zuzendaria: José Antonio Sainz Alfaro
- Ainhoa Izaguirre, sopranoa
- Vinaixa Gartzia, mezzosopranoa
- Rajiv Cerezo Chugani, baritonoa
- Iñigo Fernández, tenorea
- Hodei Yáñez, baxua
Programa hemen