Ensemble Intercontemporain Musikenen
Parisko Ensemble Intercontemporain ospetsuak egoitza bat egingo du Musikenen apirilaren amaieran. Masterreko Sorkuntza eta Interpretazioko ikasleek tailer eta masterclass batzuk izango dituzte eta ikastetxe osoak hauek gertutik ezagutzeko aukera izango du. Era berean, publikoak, bi kontzertutan entzuteko aukera izango du, bata Victoria Eugenia antzokian apirilaren 27an, asteazkenean, eta bestea Musikenen bertan, hilaren 30ean, larunbatean.
Musikari sortzaile hauengana hurbiltzeko lehen aukera apirilaren 27an, asteazkena, izango da, Donostia Kulturak Victoria Eugenia Antzokian 19:30tan programatutako kontzertu batean. Bertan, Ensemble Intercontemporainek Contrastes izeneko programa eskainiko du. Nacho de Pazek zuzenduta, ikusleek proposamen askotariko eta koloretsu batez gozatu ahal izango dute, ikusizko arteetan eta beste esperientzia sentsorial liluragarri batzuetan oinarritua, Boulez, Sciarrino, Cattaneo, Czernowin, Ianotta, Mochizuki, Jarrell eta Lazkanoren lanekin. Informazioa eta sarrerak: Ensemble intercontemporain – Donostia Kultura
Musikeneko ikasleekin lan egin ondoren, Ensemble Intercontemporainek agur esango dio Donostiari, apirilaren 30ean, larunbata, 19:00etan ikastetxeko auditoriumean, konposizioko ikasleen lanak interpretatuko duen kontzertuarekin. Kontzertu aurretik mahai inguru bat ospatuko da arratsaldeko 18.00etan. Jean-Christophe Vervoittek zuzendutako bederatzi musikarirekin, ensembleak formazio aldakorreko piezak eskainiko ditu. Programa honako obra hauek osatzen dute: Jon Bienzobas-en Roca, Hierro, Agua, Jagoba Astiazaran-en Soie, Pongtorn Techaboonakho-ren Galerna, Lur González-en Salbazioa merezi ez dugunoi eta Francisco Barajas-en Les Voix Humaines. Kontzertua sarrera doakoa da.
Pierre Boulezek 1976an sortua, Ensemble Intercontemporainek bere burua “bakarlari ensemble gisa” definitzen du eta XX. mendetik gaur egun arterako musikaz aritzen da. 31 musikariek Matthias Pintscher zuzendari eta konpositorearen zuzendaritzapean lan egiten dute. Sorkuntzarako grina berberarekin, musika-lurralde berrien esplorazioan parte hartzen dute, urtero obra berriak enkargatzen dizkieten konpositoreekin batera. Ensemble Intercontemporain asmakizunez eta beste adierazpide artistiko batzuekiko topaketez hornitzen da, eta proiektu berriak garatzen ditu. Proiektu horietan multimedia teknologia berrien integrazioa nabarmentzen da IRCAMekin (Institut de Recherche et Coordination Acoustique/Musique) lankidetzan.
INFORMAZIO GEHIAGO HEMEN