HOSOKAWA KONPOSITORE JAPONIARRA MUSIKENEN
Toshio Hosokawa konpositore ospetsua azaroaren 9tik 12ra izango da Musikenen. Egonaldia ikastegiko ikasleentzat esklusiban izango diren hainbat jardueratan gauzatuko da, hala nola konposizio-tailerra eta tailer instrumentala, sortzaileak berak aste osoan eskainia.
Ikusleek bere musikara hurbiltzeko aukera izango dute, gainera, azaroaren 12an 12:00etan japoniar sortzailearen obrekin egingo den ganbera-musika kontzertu monografiko batean. 18:00etan, halaber, konpositoreari buruzko mahai-ingurua egingo da. Bertan, Hosokawak berak parte hartuko du, baita bere musikan adituak direnek ere. Tito Ceccheriniren zuzendaritzapean Musikene Orkestra Sinfonikoak 19:00etan eskainiko duen kontzertuaren atariko bikaina izango da jarduera hau. Topaketa honi esker Toshio Hosokawaren Circulating Ocean lanaren Estatu mailako estreinaldia entzun ahal izango da.
Hosokawaren bisita Konpositore handiak gertutik zikloaren baitan gauzatuko da, hain zuzen ere Musikenek Donostia2016 hiriburutzaren laguntzarekin azken hamarkadetako konpositore garrantzitsuenak modu oso, ludiko eta atseginean jendeari hurbiltzeko helburuz. Proiektuari esker ikusleek sortzaileak aurrez aurre ezagutzen dituzte, beren musikaz hitz egiten duten adituen solasaldietara joateko aukera izaten dute, eta kontzertu bat izaten dute entzungai. Zikloa Helmut Lachenmann musikagile alemaniarraren bisitarekin hasi zen 2016an, eta nazioartean ospetsuak diren Peter Eötvös, Pascal Dusapin eta Kaija Saariaho bezalakoekin jarraitu du. Aurten ere proposamenarekin aurrera jarraituko dugu, Toshio Hosokawa konpositore japoniarra Donostiara hurbilduz.