Neurozientzia, Psikologia eta Musikari buruzko topaketak Musikenen
Musikak gure garunean duen eragina hitzaldiarekin Jakiundek bihar, asteartea 8, hasiera emango dio Zientzien hotsak zikloari, Laboral Kutxaren laguntzarekin Musikenen egingo dena. Lehenengo hitzaldi hau 18.30etan emango da Euskal Herriko goi mailako musika Ikastegiaren auditoriumean eta sarrera librea izango du. Garunak musika nola sumatzen, prozesatzen eta interpretatzen duen, eta eragiten dituen aldaketa emozionalak ezagutzen lagunduko digu José Félix Martí Massó neurologo adituak.
Musikenek Psikologia eta Musikaren inguruko jarduerak garatuko ditu beste bi egunez. Rafael García psikologo eta Aragoiko Goi Mailako kontserbatorioko Alexander Teknika irakasleak bi hitzaldi egingo ditu. Asteazkenean 12etan Musika-ikasketa eraginkorraren ezaugarri psikologikoak eta ostegunean ordu berean Emanaldietarako prestakuntza psikologikoa.
Neurozientzia, Psikologia eta Musika jardunaldiak Elur Arrietaren hitzaldiarekin amaituko dira, Musikenek Kuraia Jaialdiarekin duen hitzarmenari esker. Arrietak Musikari izatea erabaki zenuenean amesten zenuen bizitza ez zara bizitzen ari? Zure ongizatea hobetzeko eta ametsei jarraituz bizitzeko baliabide eta tresnak hitzaldia aurkeztuko du. Hitzordu hau asteazkenean izango da 17.00etan eta sarrera librea izango du.