
NEREA ARRIOLA BIOLINISTAK, MUSIKENEKO ALUMNI, NICANOR ZABALETA 2025 BEKA JASO DU
- Nerea Arriola, Musikeneko alumnik, irabazi du berriro Gipuzkoako Diputazioak eskainitako 2025ko Nicanor Zabaleta Beka.Nereak Ohorezko Matrikularekin amaitu zuen 2022an Musikeneko Gradua, Tatiana Samouil irakaslearen tutoretzapean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak hari-instrumentista gazteen prestakuntzara bideratutako Nicanor Zabaleta beka eman dio Arriola biolinistari. Laguntza-lerro horrek 14.000 euroko aurrekontua du, eta 2024-2027 aldirako Beken Plan Estrategikoaren parte da. Plan horren helburua da biolin, biola, biolontxelo, harpa edo kontrabaxuko interprete gazteen garapena bultzatzea, goi mailako prestakuntza espezializatuetan sartzea erraztuz.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, “gure musikari gazteen prestakuntza arlo publikotik babestea kulturaren etorkizunaren aldeko apustu irmoa da. Musika-talentu aparta du Gipuzkoak, eta bete-betean garatzeko eta nazioartean proiektatzeko beharrezkoak diren aukerak eskaini nahi dizkiegu. Beka honekin Nicanor Zabaletaren memoria ohoratzen dugu, eta belaunaldi berriekin dugun konpromisoa indartzen dugu”.
Nerea Arriola Mendietaren ibilbidea
Nerea Arriola Mendaron jaio zen musikarekin lotura handia duen familia batean, eta bost urte zituela hasi zituen biolin ikasketak. Musikenen Gradua ohorezko matrikularekin amaitu ondoren, Rolleko (Suitza) International Menuhin Music Academy-n jarraitu du ikastean, Renaud Capuçon, Oleg Kaskiv eta Guillaume Chillemme maisuen tutoretzapean. Hurrengo helburua da Biolin Interpretazioko Masterra egitea Lausanneko Haute École de Musique-n (HEMU).
Espainiako, Portugalgo, Bruselako eta Poloniako nazioarteko lehiaketetan saritua izan da, eta berriki Santiago de Compostelako Musika-Erromesen XIII. Nazioarteko Lehiaketa (2023) irabazi du. Interprete gisa, entzute handiko auditorioetan aritu da, hala nola Madrilgo Auditorio Nazionalean, Basileako Stadtcasinon, Genevako Victoria Hallen edo Luzernako KKLn, eta hainbat festibaletan parte hartu du, besteak beste, Pradeseko Pablo Casals, Gstaad Menuhin Festival edo Festival de Pâques d ‘Aix-en-Provence festibaletan.
Beka honekin, Nerea Arriolak nazioarteko garapen artistikoarekin jarraitu ahal izango du, bere ibilbidea sendotuz Gipuzkoako eta Europako panoraman proiekzio handiena duen biolinista gazte gisa.