Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Musikeneko ikasleek zuzendutako Euskadiko Orkestraren kontzertua

Musikeneko ikasleek zuzendutako Euskadiko Orkestraren kontzertua

  • Ekainaren 21ean, larunbata, 11:00etan, Miramongo egoitzan, Euskadiko Orkestrak kontzertu irekia eskainiko du, Sara Liton eta Pablo Moralesen zuzendaritzapean. Kontzertu honek Sabadell Banku Fundazioaren babesa du.

Euskadiko Orkestra Sara Liton eta Pablo Moralesen zerbitzura jarri da egunotan, karrera amaierako azterketa egin dezaten. Larunbatean, hilak 21, jendeaurrean jarriko dira Talentu gaztea izeneko kontzertua eskaintzeko. Talentu gazteari laguntza ematearen eta erakundeen artean (Musikene, Sabadell Banku Fundazioa eta Euskadiko Orkestra) sinergiak sortzearen garrantzia erakutsiko du, gazteei beren prestakuntza-etapetan tresna berriak emateko.

Euskadiko Orkestrak eta Musikenek hamarkada bat baino gehiago daramate lankidetza-hitzarmen bati esker elkarrekin lanean. Hitzarmenak bi erakundeentzat komunak diren interes eta helburu ugari biltzen ditu eta Jorda Gela du izena, orkestraren lehen zuzendari titularraren omenez. Akordio horrekin lotuta, Musikenek eskaintzen duen Orkestra Ikasketa Master Ofizialaren orkestrako praktiken zatia ikasleei kontzertuen denboraldian orkestra sinfonikoan parte hartzeko aukera emanda bideratzen du. Hitzarmen horrek jasotzen duen beste ekimen bat da Euskadiko Orkestrako solista gonbidatuek eskainitako eskola magistralena. Izan ere, arrakastaz betetako ibilbide luzea eta nazioartean prestigio handia duten artistek ikasleei eskola horiek eskaintzen dizkiete Ikastegian.

Duela bi urtetik hona, aliantza instituzional estrategiko horrek orkestra-zuzendaritzaren praktika txertatu du bere Denboraldi Sinfonikoko kontzertuetan, edo, kasu honetan bezala, Miramongo egoitzan ezohiko kontzertu bat aurkeztean, publikoari irekia. Dagoeneko bost dira programa honetan parte hartzeko aukera izan duten Musikeneko orkestra-zuzendaritzako ikasleak. Aurreko urteetan Eros Quesada, Joshua Franken, Aritz Labrador eta Sara Litonek parte hartu ondoren, larunbat honetan Sara Liton berriro igoko da Euskadiko Orkestraren podiumera eta Pablo Morales lehen aldiz.

Kontzertu-programako ordubetean zehar, Litonek eta Moralesek Musikeneko prestakuntza-planean lortutako ezagutzak erakutsiko dituzte, Usandizaga, Txaikovski eta Wagnerren obrak zuzentzearen bidez.

Kontzertu honetara joateko gonbidapena beharko da, eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eskuratu ahal izango da.

X