Musikene Orkestra Sinfonikoaren kontzertua
Musikene Orkestra Sinfonikoa Baldur Brönnimann-en zuzendaritzapean arituko da larunbat honetan, azaroaren 22an, 19:00etan, Musikeneko Auditorioan, Chaya Czernowinen, Gabriel Erkorekaren eta L. Janáček-en lanak bilduko dituen kontzertuan. Sarrera gonbidapenarekin izango da eta larunbatean 17:30etatik aurrera jaso ahal izango da Musikenen.
Egitarauan, Leo Janáček-en Sinfonietta obraz gain, Akorda, para acordeón solo y orquesta obra ere izango da, Musikeneko Konposizio irakasle Gabriel Erkorekak konposatua. Pieza honetan Ibon Asua ikaslea arituko da bakarlari, akordeoi interpretea. Halaber, aste honetan Musikenen hainbat prestakuntza eta dibulgazio-jarduera egiten ari den, Chaya Czernowin konpositore ezagunaren At the Fringe of our Gaze interpretatuko du orkestrak.
Bere presentzia dela eta, Musikenek publikoari irekitako beste jarduera batzuk antolatu ditu azaroaren 22an. 12:30etan Czernowinen musikari eskainitako kontzertu monografiko bat egingo da eta 18:00etan, kontzertuaren aurretik, bere ibilbideari eta obrari buruzko mahai-inguru bat antolatu da, non konpositoreak bere musikan adituak direnekin batera parte hartuko duen.
Chaya Czernowinen egonaldia “Konpositore handiak gertutik” zikloaren barruan dago. Ekimen hori DSS2016 Europako Kultur Hiriburuaren laguntzarekin bultzatu zen, publikoari musika-sorkuntza garaikidearen inguruko esperientzia osoa, ludikoa eta aberasgarria eskaintzeko.
- Informazio gehiago hemen