Andra Mari Abesbatzak eta MUSIKENEk José Luis Ansorena beka sortu dute
José Luis Ansorena bekak euren formazioan diru-laguntza bat izateko aukera emango die Musikeneko Master ikasleei, eta Andra Mari Abesbatzari berriz bere sortzailearen legatuari jarraipena emateko aukera emango dio, gazteen talentuari lagunduz eta euskal musika bultzatuz. Horiek izan dira Andra Mari Abesbatzak eta Musikenek elkar-lanerako hitzarmena sinatzeko arrazoi nagusiak. Hitzarmenak jasotzen dituen helburuen artean dago, besteak beste, José Luis Ansorena Beka sortzea. 2.000 euroko laguntza jaso ahal izateko Musikeneko Master ikasketatan matrikulatua izateaz gain kontzertu publiko bat interpretatu beharko da, 20 minutuko egitarauan euskal musikaren obra bat derrigor jaso behar delarik. Hautaketa Errenteriako Maria Magdalena Baselizan egingo da datorren azaroaren 28an 15.30etatik aurrera eta ikusleentzat irekia izango da. Irabazlea larunbatean bertan emango da jakitera probak amaitzean, eta kontzertu bat emango du datorren otsailean.