Jazzaren jatorria Donostian, Patri Goialderen liburu berria
Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasle askoren profil ikertzaileak bide eman du Musikene, UPV/EHU eta Eresbilek irakasle horien lanak lehentasunez ardatz dituen argitalpen elkarlan lerro bat sortzea erabakitzeko. Serie honetako lehenengo liburukiak Donostiako jazza du protagonista, Filologia Hispanikoan doktore, jazz musikari eta 2002. urtetik Musikenen irakasle den Patricio Goialderen ikerketatik abiatuta. Los orígenes de la música de jazz en San Sebastián (1919-1936) da liburuaren izenburua eta helburu nagusi du, egilearen hitzetan, “Donostian jazz musikaren jatorria ikertzea eta Gerra Zibilaren aurreko garaiaren panoramika orokorra aurkeztea, ibilbidea 1919an hasiz, urte horretan programatu baitzen hirian lehenengo aldiz jazz band baten emanaldia, eta 1936an amaituz, altxamendu militarrarekin eta gudaroste frankistek hiria laster hartzearekin”.
Argitalpenak Musikene, UPV/EHU eta Eresbilen arteko harremana sakontzen du eta hiru erakundeek sustatutako ekimen honetara bildu du Donostiako Udala, edukiak hiriarekin lotura estua izanik proiektuari lagundu nahi izan baitio. “Urte horietan jazza garrantzizko osagai izan zen Donostiako bizitza kulturalean musika genero honek askotariko ikuskizun programazioa baitzuen, zabalagoa uda garaian baina urte osoa zehar iraunkorra, beraz jazzaren presentzia etengabeko aldaketan zegoen munduaren beste irudikapen bat izan zen, musika programazioan ez ezik hiriko bizitza kultural eta intelektualean ere eragina izan zuena”.