Estreinaldi bikoitza Arkitekturaren Munduko Egunean
Lehendabiziko aldiz aurkeztuko zaie ikusleei MSKN Master Ensemblea eta Mikel Iturregiren Hondakinaren geldialdiak obra
Arkitekturaren Munduko Eguna urtero ospatzen da urriko lehenengo astelehenean, eta datorren hilak 5ean Musikeneko Master ikasleen presentzia handia izango du. MSKN Master Ensemblea entzungo den lehenengo aldia izango da, José Luis Estellések zuzentzen duen ikastegiko Interpretazio Master ikaslez osatutako talde berria. Mikel Iturregi Musika Sormenerako Masterreko ikaslearen Hondakinaren geldialdiak obraren estreinaldia eskainiko du taldeak kontzertu berezi baten barruan Musikeneko auditoriumean 19.00etan. Jardunaldi nabarmen honetan gure ikastegiaren parte hartzea hitzaldi batekin osatuko da, Elix Etxebeste Etnomusikologia, Filosofia eta Musikaren Estetika irakasleak 16.30etan emango duena hain zuzen ere. Jardunaldia Ficoban egingo da goizean eta Musikenen arratsaldean.
Gure ikastegiko jarduerez gain, Gipuzkoan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak hitzaldiak antolatu ditu egun horretarako Félix Maraña kazetariarekin eta Emilio Varela, Lauren Etxepare eta Juan B. Echeverría arkitektoekin edo Fernando García historialariarekin. Joaquín Lizasoainek, halaber, Oteizari buruzko bere liburua aurkeztuko du eta solasaldi batean parte hartuko du Euskadiko Arkitektura Institutuaren zuzendari den Josean Medina Murua eta Oteiza Museoaren zuzendariorde den Juan Pablo Huércanosekin. Jardunaldia MSKN Master Ensemblearen kontzertuarekin amaituko da.
Ekitaldi horietara guztietara joatea doakoa izango da, bai eta Donostiatik Irunera joateko eskainiko den garraioa ere. Eserlekuak mugatuak direnez, ezinbestekoa izango da hemen izena ematea.