Euskadiko Orkestrak eta Musikenek orkestra bakarra osatuko dute aparteko kontzertu baterako
Euskadiko Orkestrako zenbait kide eta Musikeneko Orkestra Ikasketa Masterreko ikasleak Miramonen elkartu dira orkestra bakar batean orkestra-praktika lana egiteko. Elkarlan horren emaitza Musikenen ostiralean, hilak 9, 19:30ean egingo den aparteko kontzertu batean ikusiko da.
Aste honetako elkarlanari esker bi erakundeek 2012. urteaz geroztik Aula Jordá Gela hitzarmenaren barruan garatzen duten lankidetza ikusgai jarri ahal izango da. Hitzarmen honek jasotzen duen jarduera nagusietako bat da Musikeneko Orkestra Ikasketa Master Ofizialeko ikasleek praktika profesionalak egitea Euskadiko Orkestraren barruan. Horri esker, ikasleek orkestra profesional baten lanaren benetako bizipena dute eta, horregatik, denboraldi bakoitzean Euskadiko Orkestraren zenbait kontzertutan parte hartzen dute, beste musikari bat bezala lanean jardunez.
Lehen aldiz, beren harreman emankorrean, bi erakundeek ikasturteari hasiera emateko zera erabaki dute, orkestra bakar batean elkartzea, non Euskadiko Orkestrako hogeita hiru musikari egongo diren eta Musikeneko hogeita sei ikasle, horietako hamar pasa den ikasturtekoak eta beste hamasei aurten masterra ikasten hasiko direnak. Berrogeita hamar bat musikarik osatutako orkestrak Josef Suk (1874-1935) konposatzaile txekiarraren Serenata eta Wolfgang Amadeus Mozarten (1756-1791) 41. Sinfonia, Jupiter, eskainiko ditu. Orkestrak aste osoa darama lanean, astelehenaz geroztik, Euskadiko Orkestrak Miramonen duen egoitzan, Jaume Santonjaren zuzendaritzapean. Kontzertuak ordubeteko iraupena izango du eta atsedenik gabe egingo da.