“EIBAR ORGANOZ BLAI!” MUSIKENEKO MUSIKA BITARTEKARITZA, KUDEAKETA ETA ZABALKUNDEKO MASTERRARAREN EMAITZA
Eibar Organoz Blai! kultura bitartekaritza proiektu bat da, Musikeneko Musika Bitartekaritza, Kudeaketa eta Zabalkundeko Masterrak J. Sergio del Campo Olaso Kutura eta Sormen Industriarekin duen lankidetzatik sortua. Yasmin Soud ikasle eibartarrak Itziar Larrinaga doktore eta Musikeneko Ikerketa eta Berrikuntza Koordinatzailearen zuzendaritzapean garatu duen Master Amaierako Lanak organoa eta organogintza, organoak eraiki, zaharberritu eta kontserbatzeko artea, nabarmentzea du helburu.
Lan hori KSIgune+ Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Sormen Industrien Ezagutza Guneak finantzatu du, bere konexio programaren barruan. Programa horren helburua ikerketa aplikatua eta garapen esperimentala bultzatzea da, Euskadiko Kultura eta Sormen Sektoreetako Erakundeetan aplikatzekoak diren Euskal Goi Mailako Hezkuntza proiektu bateratuak finantzatuz.
Eibar Organoz Blai! proiektuak Eibarko Udala izan du laguntzaile, bertakoak baitira Portalea Kultur Etxea eta Armagintza Industriaren Museoa. Udalak Musikenerekin batera erakusketa bat antolatu du J. Sergio del Campo Olaso organogilea San Andres Parrokiako Hans Melcher organoan egiten ari den zaharberritze prozesuaren inguruan, organoaren inaugurazioaren mendeurrenarekin bat etorriz. Bertan argazkiak eta ikus-entzunezkoak daude ikusgai, bai eta bestelako material sorpresa batzuk ere. Proiektua osatzeko tailerrak, hitzaldiak, mahainguru bat eta azken kontzertu bat egingo dira.
Erakusketa Eibarko Armagintza Industriaren Museoan egingo da, hasiera ekitaldia urriaren 8an egingo delarik 17.30etan, eta zabalik egongo da abenduaren 11ra arte. Erakusketari eta zaharberritze prozesuan dagoen San Andresko organoari bisita gidatuak egingo zaizkie, doakoak aurrez izena emanez.
Eibar Organoz Blai! proiektua Ondarearen Europako Jardunaldiak 2022-ren baitan egingo da.
Informazio gehiago hemen