Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Musikeneko Orkestra Zuzendaritzako ikasleek euskadiko orkestra zuzendu dute

Musikeneko Orkestra Zuzendaritzako ikasleek euskadiko orkestra zuzendu dute

  • Joshua Franken, Aritz Labrador eta Sara Liton izan dira orkestraren zuzendariak Beethovenen ‘Fidelio’-ren oberturan, Denboraldiari amaiera emateko kontzertuen atarikoa eskaintzeko
  • Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko hiru ikasle horiek orkestrako titularrarekin, Robert Treviñorekin, prestakuntza-plana egin dute eta emaitza egunotan aurkezten ari dira Euskadiko entzuleen aurrean

Euskadiko Orkestrak eta Musikenek hamarkada bat baino gehiago daramate lankidetza-hitzarmen bati esker elkarrekin lanean. Hitzarmenak bi erakundeentzat komunak diren interes eta helburu ugari biltzen ditu eta Jorda Gela du izena, orkestraren lehen zuzendari titularraren omenez. Akordio horrekin lotuta, Musikenek eskaintzen duen Orkestra Ikasketa Master Ofizialaren orkestrako praktiken zatia ikasleei kontzertuen denboraldian orkestra sinfonikoan parte hartzeko aukera emanda bideratzen du. Hitzarmen horrek jasotzen duen beste ekimen bat da Euskadiko Orkestrako solista gonbidatuek eskainitako eskola magistralena. Izan ere, arrakastaz betetako ibilbide luzea eta nazioartean prestigio handia duten artistek ikasleei eskola horiek eskaintzen dizkiete Ikastegian.

Iaztik, gainera, erakunde mailako aliantza estrategiko honek Euskadiko Orkestraren Abonu Denboraldiko kontzertuetan orkestrako zuzendaritzako praktikak gehitu ditu. Eros Quesada izan zen, 2023ko ekainean, orkestra zuzendu zuen lehen ikaslea. Wagnerren Nurenbergeko maisu kantariak lanaren oberturarekin egin zuen. Denboraldi honetan, eta formula bera erabilita, orkestrak podiumera igotzeko gonbidapena egin die Joshua Franken, Aritz Labrador eta Sara Liton ikasleei. Ikasle horiek, diziplina horretako beste ikasle batzuek bezalaxe, prestakuntza-saio ugari egin dituzte hilabete hauetan Robert Treviño zuzendari titularrarekin, eta orain prestakuntza jaso duten ikasle guztien artean aukeratu dituzte Euskadiko Orkestrak 2023/2024 Denboraldiko amaierako kontzertuetan Beethovenen Fidelioren obertura zuzentzeko.

Hauek dira parte-hartze horren xehetasuna, egun eta toki bakoitzaren arabera:

  • Joshua Franken: Ekainak 3, Kursaal Auditoriuma
  • Aritz Labrador: Ekainak 4, Baluarte Auditoriuma
  • Sara Liton: Ekainak 5, Euskalduna Jauregia; Ekainak 6, Principal Antzokia; Ekainak 7, Kursaal Auditoriuma
X