
MUSIKENEK “GRAVITACIONES” CDa KALERATU DU, MUSIKENE SINFONIETTAK GRABATUA
- Musikenek Eduardo Chillidaren omenez bere jaiotzaren mendeurrenean Sinfoniettak grabatutako disko berria argitaratu du.
- CDaren obra nagusia Gravitaciones da, Jon Esnaola Musikeneko ikasle eta konpositore gaztearen sorkuntza garaikidearen erabateko estreinaldia, Chillidaren eskultura zintzilikatuetan inspiratua.
Musikenek Gravitaciones CDa argitaratu du, Musikene Sinfoniettak Unai Urrechoren zuzendaritzapean grabatua, Eduardo Chillidari bere jaiotzaren mendeurrenean egindako omenaldi gisa.
Lan honen ardatzean Gravitaciones obra dago, Jon Esnaola Musiken-ko konposizio ikasleak bereziki ospakizun honetarako sortua. Chillidaren izen bereko eskultura-seriean oinarrituta, obra hau erabateko estreinaldi gisa aurkezten da, eskultorearen poetika bisuala geruza musikaletan itzultzen duen soinu-esperientzia bat proposatzen du.
“Nire musikan materiala lantzeko modua Chillidaren Grabitazioak lanen antzekoa da”, azaldu du Esnaolak. “Gainjarritako paperen ordez, elkarren artean konbinatzen diren eta batzuetan elkar ezkutatzen duten testura soinudunak erabiltzen ditut, Zabalaga baserrian deskubritu nituen pieza zintzilikatuen antzera”.
CDak, halaber, euskal konpositore nabarmenen lanak eta estreinaldiak jasotzen ditu, hala nola Ramon Lazkano eta Gabriel Erkoreka, biak Musikeneko irakasleak, eta baita J.S. Bach, A. Webern eta P. Hindemith bezalako konpositoreen piezak ere. Errepertorioak tradizioaren eta abangoardiaren arteko zubia egiten du, musika garaikidearen eta eskulturaren arteko elkarrizketa azpimarratuz.
Proiektu hau Musikene eta Chillida Lekuren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmenaren helburua Chillidaren unibertsoari lotutako sorkuntza artistikoa sustatzea da. Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoaren arabera: “Lankidetza honekin Chillidaren ondareari buruzko begirada eta narratiba berriak sustatu nahi ditugu, bizirik jarraitzen duela eta sorkuntza berrietarako abiapuntua dela erakutsiz. Oraingo honetan, Musikene Sinfoniettak Chillidak bere ibilbidean zehar gorpuztu zuen espiritu sortzailea eta modernotasuna islatzen duen programa interpretatzen du “.
Eduardo Chillida – Pilar Belzunce Fundaziotik, Mikel Chillidak eskultorearen obra bisualen eta musika garaikidearen arteko lotura azpimarratu du: “Grabitazioak ez daude markoztatuak ezta finkatuak ere, baizik eta denboran zehar flotatzen dute, Jon Esnaolaren musikaren tinbre eta testura kontrasteen antzera. Omenaldi honek Chillidaren eta musikaren ondarea publiko zabalagoarengana hurbiltzen laguntzen du”.
Argitalpen honekin, Musikenek egungo sorkuntzarekin, talentu berrien sustapenarekin eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioarekin duen konpromisoa berresten du.