Marina Ramosek zuzendutako ensemble instrumentala eta Gustavo Díaz-Jerezen pianoa izango dira nagusi Musikeneko Irakasleen Zikloaren bigarren asteburuan
Zikloaren hirugarren emanaldia izango dugu ostiralean, urtarrilak 21, arratsaldeko 19:00etan, Marina Ramosen batutapean. Emanaldi honetan Musikeneko irakaslearen talentuaz gozatzeko aukera izango dugu. Berak zuzenduta, Ikastegiko ikasle-talde batek Igor Stravinskyren La historia de un soldado obra interpretatuko du. Errusiako ipuin herrikoi batean oinarritzen den Stravinskyren obra hau taularatu nahi izan du Ramosek, zazpi instrumentu desberdinez baliatuta: kontrabaxua, tronpeta, fagota, klarinetea, perkusioa, biolina eta tronboia. Gainera, Jon Larraurik soldadu, Julen Garciak deabru eta Maialen Urretavizcayak narratzaile gisa arituko dira ikuskizunean.
Bestetik, Gustavo Díaz-Jerez Musikeneko irakasleak konposatutako musika entzuteko aukera izango dugu urtarrilaren 22an, larunbata, arratsaldeko 19:00etan. Emanaldian musikari kanariarrak bere CD Metaludios II aurkezteaz gain, bere obra propioak interpretatuko ditu, besteak beste: Pavana triste (Antonio Joseri omenaldia), Stribog, Omaggio a Carlo Gesualdo, La espiral del viento, Melussyne, Cassini ‘s dream, Belphegor’ s prime. Beste zikloko kontzertu guztiak bezala, Musikeneko auditorioan egingo da saioa eta Itziar Larrinaga musikologo eta Ikastegiko irakasleak aurkeztuko du CD-a.
Kontzerturako sarrera doakoa eta librea izango da, lekua bete arte. Egungo osasun-egoera dela eta, agintariek ezarritako segurtasun-neurriei jarraituz, garaiz joatea gomendatzen da. Ateak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira, eta ordura arte ilara gorde beharko da segurtasun-distantzia errespetatuz. Era berean, derrigorrezkoa izango da COVID pasaportea aurkeztea eta musukoa une oro erabiltzea. Halaber, bertako langileek emandako jarraibideak betetzea eskatzen da. Aretoan sartzean, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea ere gomendatzen da. Programa osoa HEMEN