Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Kaija Saariaho konpositore finlandiarra Musikenen izango dugu

Kaija Saariaho konpositore finlandiarra Musikenen izango dugu

 

Kaija Saariajo finlandiar konpositore ospetsuak Musikeneri egingo dion bisita jarduera ezberdinetan gauzatuko da, batzuk ikusleei irekiak, interpretatzaile handien bitartez bere musikara gerturatzeko aukera emanez. Lehenengo hitzordua azaroaren 22an izango da arratsaldeko 8etan Musikeneko auditoriumean. Liana Gourdjia biolinista eta Natalia Tchitch biola, biak Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiko irakasle, Saariaho-ren obran aditua den Anssi Karttunen biolontxelo jotzailearekin batera, sarrera libreko kontzertu batean izango ditugu sortzaile finlandiarraren obrekin. Bertan entzungo dira biolontxelo solorentzat Sept Papillons eta Petals, biolin eta biolontxeloarentzat Aure eta hari hirukotearentzat Cloud Trio.

 

Hurrengo egunean, azaroak 23an, larunbata, 12.30etan, Musikeneko zenbait ikaslek kontzertu monografikoa emango dute Saariahoren musikarekin. Eduardo Villarroel ikasleak klarinete solorentzat Duft interpretatu ondoren zenbait talderentzat obrak gozatuko ditugu, besteak beste flauta, biolontxelo, klabe eta elektronikarentzat Gates obra, Daniel Huertas-ek zuzendua. Ekitaldi horretan bertan elektronikarekin obrak izango ditugu Mikel Iturregi-ren eskutik.

 

Larunbatean bertan, azaroak 23, arratsaldeko 6etan, mahai-ingurua egingo de konpositorea bera bertan izango delarik, Ernest Martínez Izquierdo zuzendaria eta Anssi Karttunen biolontxelo jotzailearekin batera. Jarduera hau Musikeneko Orkestra Sinfonikoak 19.30etan auditoriumean emango duen kontzertuaren preludio ezin hobea izango da. Ekitaldia irekia izango da eta Kaija Saariaho-ren Orion obra entzuteko aukera emango digu, bai eta Sibelius bere herrikidearen En saga eta Stravinsky-ren Suzko txoria ere. Ernest Martínez Izquierdo-k zuzenduko duen kontzertu honetarako sarrerak Musikenen bertan jaso daitezke hasi baino ordu bete lehenagotik.

 

Kaija Saariahok Musikenen egingo duen egonaldia bertako ikasleentzat zenbait jarduerarekin osatuko da, hala nola sortzaileak berak hiru egunez emango duen Konposizio Tailerra edo Anssi Karttunen-ek emango dituen masterclassak, zuzendaritza ikasleek Ernest Martínez Izquierdo zuzendariarekin egingo duten topaketaz gain.

X