Jabi Alonsoren AmetsOLAK, zuzenean
Txalaparta, eta baita marinba, panderoa, biolina eta biolontxeloa ere, protagonista izango dira otsailaren 1ean Musikenen emango den kontzertuan. Jabi Alonso perkusio irakasleak AmetsOLAK lan diskografikoa aurkeztuko du emanaldian, Ainhoa Gutiérrez txalapartan, Maddi Arana biolinean eta Estibaliz Oraá biolontxeloan lagun dituela, Javier Sagastumeren sonorizazio eta argiztapena dituen ikuskizun batean. Alonsoren hitzetan proiektua “duela urte batzuk buruan nuen zerbait da, eta azkenean egia bihurtu dena, AMETS bat, soinu bakar batekin, egurra (OLAK)”. Berak azaltzen duenez AmetsOLAK, Sabin Bikandi musikariarekin hasia, “euskal kulturaren musika tresna oso erakusgarria den txalapartari ikuspegi ezberdin bat baita errepertorio berri bat ere ekartzen saiatzen da, bere soinu aukerak zabalduz”. Kontzertua Musikeneko auditoriumean egingo da 19.00etan eta sarrera librea izango da eserlekuak bete arte.