GEORGE BENJAMIN IN MUSIKENE
George Benjamin konpositore britainiarrak, duela gutxi BBVA Fundazioak ematen duen “Ezagutzaren Mugak” saria jaso duenak, Musikene bisitatuko du aste honetan. Maiatzaren 8tik 11ra bitartean, ikastegiko ikasleek konposizio-tailerra eta hainbat masterclass emango dituen konpositore handiarekin lan egiteko aukera izango dute.
Gainera, publikoa bere musikara hurbildu ahal izango da, maiatzaren 11n, larunbata, 12:00etan Londresko musikagilearen lanak eskainiko diren piano kontzertu batean. Halaber, 18:00etan, konpositorearen inguruko mahai-ingurua egingo da. Bertan, George Benjamin berak parte hartuko du, baita bere musikan adituak direnek ere. Eguna bukatzeko Musikene Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du arratsaldeko 19:00etan ikastegiko auditorioan. Franck Olluren zuzendaritzapean, George Benjamin-en Dance figures obra entzun ahal izango da.
Benjamin-en bisita Konpositore handiak gertutik zikloaren baitan gauzatuko da, hain zuzen ere Musikenek DSS2016 hiriburutzaren laguntzarekin azken hamarkadetako konpositore garrantzitsuenak modu oso, ludiko eta atseginean jendeari hurbiltzeko helburuz. Proiektuari esker ikusleek sortzaileak aurrez aurre ezagutzen dituzte, beren musikaz hitz egiten duten adituen solasaldietara joateko aukera izaten dute, eta kontzertu bat izaten dute entzungai. Zikloa Helmut Lachenmann musikagile alemaniarraren bisitarekin hasi zen 2016an, eta nazioartean ospetsuak diren Peter Eötvös, Pascal Dusapin, Kaija Saariaho eta Toshio Hosokawa bezalakoekin jarraitu du. Aurten ere proposamenarekin aurrera jarraituko dugu, George Benjamin Londresko maisua Donostiara hurbilduz.