DANIEL GARCÍA DÍAZek ESAS-MUSIKENE II. SARIA JASO DU
Piano ikasleak “María de Pablosen “Castilla” poema sinfonikoaren pianorako moldaketa” Gradu Amaierako Lanagatik jaso du saria.
Musikenek ESAS-Musikene II. Saria eman du, genero-ikuspegia duten Gradu Amaierako Lanei zuzendutako aintzatespena. ESAS – Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak Musikenerekin lankidetzan emandako sariaren helburua gazte ikertzaileen talentua ikusaraztea eta musikaren esparruan berdintasuna sustatzea da.
ESAS-Musikene sariaren bigarren edizio honetako irabazlea Daniel García Díaz izan da, “María de Pablosen “Castilla” poema sinfonikoaren pianorako moldaketa” izeneko Gradu Amaierako Lanarekin. Proiektu hau nabarmendu da María de Pablos konpositorearen musika eskuragarriago eta zabalduago egiteko duen ekarpenagatik.
García Díazek adierazi duenez, Gradu Amaierako Lan honetan aurkeztutako ikerketak egilearen biografia laburra eskaintzen du, eta bere ibilbidearekin batera, De Pablosen obra testuinguru estilistiko batean kokatzen da. Ondoren, arreta “Castilla” poema sinfonikora eramaten da. Testuingurua egin ondoren, analisi labur bat egiten da, non azaleratzen diren elementu estilistiko eta programatikoak, obra orkestral honetan dagoen narratiba argituz.
“Azkenik – García Diezen hitzetan- transkripzio eta moldaketa lanaren azalpena egiten da, baita hizkuntza orkestral batetik piano-hizkuntzara igarotzean hartu diren erabakien berri ere.” Helburua da konpositore honen obrarekin harreman berria sortzea.
Sarituari buruz
2003an jaio zen Segovian, eta bere prestakuntza Segoviako Kontserbatorio Profesionalean hasi zuen, Hernán Chica, Blanca Palomar eta Vicente Uñón irakasleen gidaritzapean.
2021ean, Don Juan de Borbón Fundazioaren Interpretazio Lehiaketako lehen saria irabazi zuen, eta urte berean hasi zen Musikene-n ikasten, Gustavo Díaz-Jerez eta Katia Skanavi irakasleen zuzendaritzapean.
Halaber, bere prestakuntza aberastu egin da ospe handiko pianisten eskutik jasotako masterclass-ei eta Alemanian egin zuen “Campus Cleve 2022” piano ikastaroko partaidetzari esker. Esperientzia horri esker, Espainiako eta Europako hainbat hiritan eman ditu kontzertuak, eta horrek bere ibilbidea eta gaitasun musikala nabarmen aberastu ditu.
Musikan berdintasunarekin konpromisoa – Sari banaketa
Sari honen bidez, ESASek eta Musikenek musikaren arloan genero-berdintasunarekiko eta emakumeen ikusgarritasunarekiko konpromisoa berretsi dute, ikerketan genero-ikuspegia txertatzea sustatuz.
Sari banaketa gaur goizean egin da Musikenen, eta irabazleak Miren Iñarga, Musikene-ko Zuzendari Nagusi eta akademikoaren, eta Ana Legarreta, ESASeko Presidentearen, eskutik jaso du saria.