KLARINETE BAXUAN GRADUONDOKO IKASTAROA
IRAKASLEA: ÁNGEL MOLINOS
Angel Molinosek Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia (Donostia), Codarts – University of the Arts (Rotterdam) eta Sibelius Akademia (Helsinki) bezalako ikastegietan trebatu da. Azken horretan doktore titulua eskuratu du 2023an aipamen gorenarekin. Doktore-ikerketak klarinete baxua izan zuen ardatz, instrumentu solista gisa, eta arreta berezia jarri zuen Finlandiako musika garaikidean.
Bere errepertorioak obra klasikoetatik hasi eta egungo musikara ere barne hartzen duen arren, urteetan zehar konpromiso sendoa garatu du musika garaikidearen sustapenarekin. Ondorioz, obra ugari estreinatu ditu eta konpositoreekin modu aktiboan aritu da lankidetzan horietako asko sortzerakoan.
2009az geroztik Finlandian zentratu du bere jarduera artistikoa, eta aldizka agertzen da bai emanaldietan, bai ganbera musikako kontzertuetan. Gainera, herrialdeko orkestra eta ensenble nagusiekin kolaboratu ohi du. Helsinkiko Sibelius Akademian ikertzaile laguntzaile eta klarinete irakasle baxu gisa ere lan egin du.
2020tik klarinete baxuko irakaslea da Musikenen.
Azalpena
Klarinete baxuko graduondoko ikastaroa goi mailako ikasketak amaitu ondoren instrumentu honetan espezializazio maila handiagoa lortu nahi duten klarinete jotzaileei zuzenduta dago. Klarinete baxuaren alderdi tekniko espezifikoetan eta testuinguru musikaletan duen potentzial artistikoan sakontzeko helburua du.
Ikastaroa lan-sistema eta errepertorio pertsonalizatuen bidez garatuko da, ikasle bakoitzaren interes artistikoetara, beharrizan berezietara, eta bere helburu eta asmo profesionaletara egokituz. Hori horrela, ikastaroak hainbat ikuspegi izan ditzake:
Klarinete baxuak orkestran duen rolean eta orkestra-entzunaldien prestaketan sakontzea, klarinete baxurako errepertorio sinfonikoko eta operako pasarte adierazgarrienei helduz, bai eta orkestra-entzunaldietan agertu ohi diren obrei ere.
Klarinete baxuak instrumentu bakarlari gisa duen alderdiaren ezagutza zabaltzea. Errepertorioa ikaslearekin adostuta erabakiko da, eta instrumentuarentzako literatura tradizionalenetik hasi eta musika-sorkuntza garaikideagora artekoa izan daiteke, elektronikadun lanak edo bestelako diziplina artistiko batzuk ere barne hartuz.
Halaber, klarinete baxuaren bi alderdiak bateratu ahal izango dira, eta ikasleak erabakiko du bietako zeini eskaini pisu espezifiko handiagoa, bakoitzaren lehentasunen arabera.
Matrikulatutako pertsonek, ikastegiak proposatuta, beren borondatez Musikenek programatutako jarduera instrumentaletan edo hitzarmena duten beste musika-talde batzuekin elkarlanean egiten diren jardueretan parte hartu ahal izango dute.
Egutegia
Egitasmoak 20 eskola ordu izango ditu, bakarkakoak, eta ordutegia eta urteko antolaketa irakasleak eta ikasleak adostuko dute, kasu zehatz bakoitzean lehentasunak eta aukerak kontutan hartuz.
Eskola ordu eta norberak gutxi gora behera egin beharreko ordu kopurua
- Eskola ordu kopurua (banakako eskolak): 20
- Norberak ikasten eman beharreko orduak gutxi gora behera: 150