Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Intza Martin Egañak X. Donostiako Orfeoia-Musikene Saria jaso du

Intza Martin Egañak X. Donostiako Orfeoia-Musikene Saria jaso du

Musikeneko Pedagogia ikasleak ‘Euskal kantu tradizionalen presentzia Gipuzkoako Musika Hizkuntzako ikasgeletan. Proposamen didaktikoa’ izeneko Gradu Amaierako Lanagatik jaso du saria.

 Intza Martin Egaña Musikeneko Pedagogia ikasleak X. Donostiako Orfeoia-Musikene Saria eskuratu du ‘Euskal kantu tradizionalen presentzia Gipuzkoako Musika Mintzairako ikasgeletan. Proposamen didaktikoa’ izeneko bere Gradu Amaierako Lanagatik.

Martinek azaldu duenez, bere lanaren gaia euskal kanta tradizionalak dira, musika irakaskuntzen esparruan. Saridunaren ustez, folklorea leku baten identitatearen parte da, eta musika gelarako tresna garrantzitsua izan daiteke, kasu honetan, Musika Hizkuntzarako tresna.

Gradu amaierako lana egiteari esker, sarituak Gipuzkoako irakaskuntza arautu eta ez-arautuetako musika geletan kantu tradizionalen gaur egungo erabilera ezagutu du. Horrez gain, kantu horien erabilerari laguntzeko eta haien balioa erakusteko, ‘Herritik Gelara’ proiektua sortu zuen, hamaika euskal kanta tradizionalen hautaketa bat, Musika Hizkuntzako ikasgeletan erabiltzeko jarduera-proposamenekin.

Saria ematea

Donostiako Orfeoia-Musikene Sariak hamargarren edizioa bete du aurten, eta bi erakundeek 2014an sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, Musikeneko ikasleen artean Euskal Herriko musika-ikerketa sustatu eta bultzatzeko helburuarekin.

Saria emateko ekitaldia Donostiako Orfeoiaren egoitzan egin da , eta sarituak Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoaren eta Antxon Elosegui Donostiako Orfeoiko presidentearen eskutik jaso du Diploma.

Sarituari buruz

Intza Martin Egaña Pedagogian graduatua da. 9 urterekin hasi zen tronpeta ikasten Zumaiako musika eskolan, eta pianoa 11 urterekin Josefina Azpeitia akademian. Aurrerago Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan jarraitu zituen tronpeta ikasketak. 2025. urteko ekainean Pedagogiako graduko ikasketak amaitu zituen Musikenen.

Egun, Azpeitiko Juan de Antxieta musika eskolan egiten du lan, eta musika tailerrak eta musika hizkuntzako klaseak ematen ditu bertan; aldi berean, kultura kudeaketako masterra hasi du. Bere musika jarduerari dagokionez, tronpeta jotzen jarraitzen du Zumaiako musika bandan eta ‘Hamarru’ elektrotxarangan, eta gainera ‘Akaleia’ taldeko teklista da.

 

X