Gabriel Erkoreka gure irakaslea, Musika Sari Nazionala
Gabriel Erkoreka musikagile eta Musikeneko irakasleak 2021 Musika Sari Nazionala jaso du “sortzaile gisa duen ibilbide bikainagatik eta bere konposizio-hizkuntzaren aberastasunagatik, nabarmentzekoa izanik euskal instrumentu tradizionalen sonoritatearen fusio pertsonala”. Epaimahaiak azpimarratu du, halaber, “bere musikaren nazioarteko proiekzioa, Europako denboraldi eta jaialdi garrantzitsuetan programatzen dena”.
1969an Bilbon jaioa, Gabriel Erkorekaren obra interes eta motibazio ezberdinen isla da, hala nola natura edo berori zaintzeko beharra, jatorri anitzeko musika tradizional eta folklorikoa, edo adimenaren eta horren jokaeraren esplorazioa. Gizarte-gaiekiko ardura nabarmenarekin, solista eta talde obrak luze eta zabal landu ditu banakakoa eta kolektiboa aurrez aurre jartzeko modu gisa. Bere ekoizpenek egitura dramatikoekiko lehentasun egiazkoa erakusten dute, dinamika eta erregistroen muturreko erabilpenaz, aberastasun tinbriko handiko eta musikaltasun nabarmeneko hizkuntzan kondentsatuz.
Musika Sari Nazionala Erkorekak bere ibilbide profesionalean jaso dituen beste sari batzuei batzen zaizkio, aipagarriak izanik Musika Konposizioaren Reina Sofía saria 2008an, SGAE Lehenengo Saria 1996an, Eusko Jaurlaritzaren Musika Konposizio Saria 1999an, Royal Academy of Music-en Josiah Parker Prize eta beste sari batzuk, eta Roma Saria 2001ean edo Parisko Espainiako Musika Kolegioa-INAEM Konposizio Saria. Musikagile euskaldunaren obrak Biennale di Venezia (2004 eta 2014), Vienako Musikverein, South Bank Centre, Londongo ICA eta Wigmore Hall bezalakoetan eta Hong Kong, Beijing, Tokio, Sidney, New York, Chicago, San Petesburgo edo Buenos Aires hirietan interpretatu da. Gabriel Erkorekak UNESCOren Konpositoreen Nazioarteko Tribunan eta Gaudeamus Muziekweek-en parte hartu du.