Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Musikene eta Eresbilek bizirik dauden euskal konpositoreei buruzko liburu bilduma kaleratu dute

Musikene eta Eresbilek bizirik dauden euskal konpositoreei buruzko liburu bilduma kaleratu dute

Kaierak – Basque Composers of the 21st century bilduma Ramon Lazkano eta Teresa Cataláni eskainitako bi argitalpenekin hasiko da

Musikene eta Eresbil elkarlanean aritu dira berriz ere proiektu aitzindari bat abian jartzeko, Euskal Herriko egungo musikaren zabalkundean bi erakundeek egiten dute apustuan sakonduz. Euskal musikaren ondarea nazioartean ezagutzera emateko helburu nagusiarekin Kaierak-Basque Composers of the 21st century bilduma abiarazi dute Ramon Lazkano eta Teresa Cataláni eskainitako bi alerekin, aurki Félix Ibarrondoren figura ardatz duen hirugarren alea ere gehituko zaiolarik.

Miren Iñarga Musikeneko zuzendariaren hitzetan “proiektu berri honekin Musikenek euskal musika ondarea ezagutzera emateko duen interesa eta konpromisoa berresten du, nazioartekotzeko anbizioa gehituz. Nahiko ohikoa da lehenaldira begiratzea ondareari dagokionean, baina kasu honetan ekarpena egungo sorkuntza aztertzea da, bizirik dauden gure konpositoreen obra ikertuz eta katalogatuz. Musikene eta Eresbilen arteko lankidetza, gure egungo musika ondarean ikerketa eta hori nazioartera eramaten interesa eta ahalegina batuz, erronka editoriala ekarri digu, emaitzak arro sentiarazten gaituelarik”.

Pello Leiñena, Eresbileko zuzendariak gehitzen duenez “Eresbilentzat Musikenekin elkarlanean egindako Kaierak bilduma aurkeztea aurrea pausua da gure sortzaileen obraren balioa areagotzeko. Kaierak bildumak begirada sakona eta aberatsa eskaintzen dio bertan biltzen diren konpositoreen ibilbideari. Hedapen zabala eginez obrak aintzat hartzeko eta interpretatzeko bidea erraztuko dela espero dugu”.

Kaierak hiru hizkuntzatan – gaztelera, euskara eta ingelesa- egindako koaderno bilduma da, nazioartean ospeko diren euskal konpositoreak elkarrizketa baten eta bere obraren inguruko analisi-artikulu baten bitartez modu zorrotz, garbi eta laburrean gerturatzea helburu duena. Elkarrizketak garapen profesionala eta egilearen ibilbidearen kontestuak izango ditu ardatz, sortzailearen figura irakurleari gerturatzen lagunduko duten bestelako alderdiez gain, eta artikuluak berriz protagonistaren hizkuntza, idazkera eta obra izango ditu ardatz. Horretaz gain, liburu bakoitzak obren katalogo bat eta bere bizitza laburbiltzen duen kronologia bat jasotzen du, diskografia eta bibliografiaz gain.

Ramon Lazkano (1968) sortzaile donostiarra eta Teresa Catalán (1951) konpositore nafarra dira lehenengo bi koadernoen protagonistak, dagoeneko gure webgunean eskura daudenak. Lazkanori eskainitako liburuaren kasuan Algunas preguntas y algunas respuestas de una entrevista elkarrizketa izango dugu Elixabete Etxebeste etnomusikologoaren eskutik, eta Dan Alberson musikariak sinatzen du Atrapado enre nubes y arcilla: el errante enraizado analisi artikulua.

Teresa Catalánen liburuaren kasuan, Jesús Echeverría konpositore eta orkestra zuzendaria da Música y mitología, un camino sonoro y místico de simbiosis artikuluaren egilea. Mari Jose Cano kazetaritzan doktorea eta pianista da liburuaren beste egilea, “El compromiso es el motor de la música” izeneko elkarrizketarekin. Bai Etxebeste eta Bai Echeverría eta Cano ere, Musikeneko irakasleak dira.

X