Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Gustavo Díaz-Jerez eta Itxaso Sainz de la Mazak osatuko dituzte otsaileko kontzertuak Javier G. Sarmientorekin batera

Gustavo Díaz-Jerez eta Itxaso Sainz de la Mazak osatuko dituzte otsaileko kontzertuak Javier G. Sarmientorekin batera

Gustavo Díaz-Jerez pianistak emanaldia eskainiko du otsailak 24an, asteazkena, Musikeneko irakasleek ikastegiko auditoriumean egiten duten kontzertu zikloaren barruan. Musikari kanariarraren askotariko egitarauak Barrokotik egungo musikara ekarriko gaitu, eta Antonio Soler-en bi Sonatarekin hasiko da kontzertua. Ondoren Diaz-Jerezek berak konposatutako Homenaje a Antonio Soler obra entzungo dugu. Kontzertua Albenizen Iberiako bigarren koadernoko hiru piezak osatuko dute, hain zuzen ere Evocación, El puerto, eta El Corpus Christi en Sevilla. Pianistaren Hiru Metaludio ere entzungai izango ditugu: Melussyne, Cassini’s dream eta Belphegor’s prime.

Musikeneko beste irakasle batek sortutako musika, Javier González Sarmiento pianista, entzungo dugu hilak 26ko hitzorduan, ostirala. 24 Classic-Jazz preludes izango dira entzungai, arestian Orpheus zigiluaren CD batean argitaratuak. Obrak grabatu dituen Itxaso Sainz de la Maza pianista izango dugu interpretatzaile iruzkindun kontzertu batean, Sarmientok berak aurkeztuko dituelarik obrak. Bi kontzertuak 19.00etan egingo dira Musikeneko auditoriumean, Donostiako Europa plazan, eta sarrera librea izango dute eserlekuak bete arte.

Egungo osasun egoeraren ondorioz eta agintariek ezarritako segurtasun neurriei jarraiki, ez da gonbidapenik banatuko. Kontzertua doakoa izango da eta sarrera librea izango da eserlekuak bete arte. Kontzertura aurrerapenaz joatea gomendatzen da. Ateak 18:30etan  irekiko dira, eta une hori iritsi arte ilara egingo da segurtasun distantzia gordez. Derrigorrezkoa izango da uneoro musukoa erabiltzea eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea, eta aretoko langileen jarraibideak jarraituko dira sartu eta irtetzerakoan. Ez da esku programarik emango, baina auditoriumaren sarreran eta gure webgunean www.musikene.eus egongo da ikusgai eta deskargatzeko moduan.

X