Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Koru abeslarientzat graduondoko berria

Koru abeslarientzat graduondoko berria

Musikenek askotariko eskaintza interesgarria du graduondokoetan, joan den urtean euskal musika tradizionalaren ikastaro arrakastatsuarekin zabaldu zena. Aurten Ikastaro berritzaile bat dugu, Intermezzo enpresarekin elkarlanean abeslarientzat musikan eta eszenatokian profesionalizazioa eskaintzen duena.

Musikenek eta Intermezzok bat egin dute graduondoko berritzaile hau eskaintzeko, euren zaletasuna lanbide bihurtu nahi duten koru abeslariei zuzendua.  Espezializazio ikastaroa urritik aurrera eskainiko da eta abeslari profesional bati eskatzen zaion prestakuntzan sakontzea du helburu. Ostiral eta larunbatetan egingo diren 14 saio bikoitzetan, ahots-teknika espezifikoa landuko da, bai eta abesbatzen errepertorioa interpretatzearekin eta eszenaratzearekin lotutako alderdi guztiak ere.

Intermezzok, gainera, hainbat lan-proposamen eskainiko ditu parte hartzen duen ekoizpenetan aritzeko. Enpresak 15 urte baino gehiagoko ibilbidea du, Madrilgo Errege Antzokiaren abesbatza titularra kudeatzen du, Bartzelonako Gran Teatre del Liceuko abesbatza indartzen du eta opera denboraldi eta jaialdietan parte hartzen du.

Matrikula zabalik dago musika goi-mailako titulazioa (edo baliokidea) duten interesdun guztientzat. Informazio guztia eta programa hemen ikus daitezke.

Euskal Musika tradizionalean graduondokoa

Musikenek graduondoko aitzindara berriro eskaintzen du, euskal musika herrikoiaren errepertoriotik abiatuta instrumentu jotzaile, konpositore, zuzendari eta irakasle diren musika-profesionalei ezagutza zabaltzeko aukera emango diena. Musikari profesional eta hezitzaileen beharrei erantzuteko pentsatua, gai horretan interesa duen edozein musika tituluduni eta edozein mailako irakasleri, bai musika eskola, kontserbatorio zein hezkuntza orokorrekoei ere, zuzendua dago. Eskuratu informazioa hemen

X