Donostiako Jazzaldian eta Musika Hamabostaldian kontzertuak
Berriz ere izango gara agertokietan, Donostian udaran egiten diren bi jaialdi nagusietan gure ikasleek emango dituzten kontzertuetan. Connection Trio taldea, Juanma Domínguez (kontrabaxua), Adrián Martínez (tronboia) eta Jorge Fernández (pianoa) ikasleek osatua, uztailaren 22an eta 24an izango dugu, 17.30etan, Kursaaleko terrazan. Around Midnight taldea, Eolo Andino (saxo altua), Eva Alcalde (gitarra) eta Ledián Molak (kontrabaxua) osatua, egun berbertan arituko da 19etan.
Musikene Musika Hamabostaldian ere izango da Tabakaleran abuztuak 6, 13 eta 20an egingo diren hiru kontzertutan. Oreka boskoteak – Nicolás Cabaleiro (oboea), Aitor Aburto (klarinetea), Raúl Pérez (saxofoia), Eduardo Villarroel (klarinete baxua) eta Ignasi Candelas (fagota)- Musikeler zikloa hasiko du, kontzertua entzun bitartean garagardoa dastatzeko aukerarekin. Hurrengo hitzordua Juan Laborería baritonoaren eskutik etorriko zaigu abuztuaren 13an, Javier González Sarmiento pianoan duela. Eskaintza Kutxa Kultur Gauak programaren barruan dago, eta Zilarra Quintet boskoteak abuztuaren 20an emango duen kontzertuarekin osatuko da. Ana García kontrabaxuak, Maitane Arretxe akordeoiak, Iker Bilbao biolinak, José Belda gitarrak eta Lucía Arzalluz pianoak Piazzollaren musika interpretatuko dute. Kontzertu guztiak 20.30etan izango dira Tabakalerako teilatuan.