Jarrai Gaitzazu

Home  /  GRADUONDOKOAK ETA ETENGABEKO PRESTAKUNTZA  /  PIANOAN INPROBISAZIOA: HIZKUNTZA PROPIOA ERAIKITZEKO BIDEAN

PIANOAN INPROBISAZIOA: HIZKUNTZA PROPIOA ERAIKITZEKO BIDEAN

IRAKASLEA: IÑAR SASTRE

Iñar Sastre euskal pianista, konpositore eta inprobisatzailea da, Musikenen eta Parisko Conservatoire national supérieur de musique et de danse ikastegian piano, inprobisazio klasiko eta jazz diziplinetan trebatua. Carnegie Hall bezalako nazioarteko eszenatokietan aritu da, eta inprobisazioarekiko duen pasioak Francis Poulenci buruzko nazioarteko mahai-inguruan parte hartzera eraman du, baita Cinémathèque Française bezalako aretoetan zinema mutua pianoarekin laguntzera ere. Euskal eszenako dantza, antzerki eta ikus-entzunezko proiektuetan parte hartu ohi du. Bakarlari gisa hainbat proiektu diskografiko burutu ditu musika klasikoko, herrikoiko eta inprobisatuko taldetan parte hartuz. Mikel Laboa Katedrak eta Musika Bulegoak saritu dute.

Azalpena

XXI. mendeko testuinguru musikalean, pianistak sarritan partitura baten interpretazio zorrotza gainditzen duten egoera profesionalei aurre egin behar izaten die. Espezializazio ikastaro honek ahots musikal propioa garatzea proposatzen du, hainbat tradizio eta estetika historiko inprobisazioaren bidez pianoan aztertuz— barrokotik musika garaikideraino, herri musikatik igaroz —.

Azterketa estilistiko, ariketa praktiko eta soinu-esperimentazioaren bidez, baliabide horiek instrumentua jotzerakoan integratzen ikasiko dute ikasleek, musika-hizkuntza aberastuz eta menderatuz, zigilu pertsonal bat eraikiz eta adierazkortasun artistikoa indartuz. Ikastaroak proiektu musikal propioak sortzen eta beste diziplina artistiko batzuekin elkarlanean aritzen laguntzen du, pianistaren moldakortasuna zabalduz.

Helburua, beraz, pianista bakoitzak bere nortasun artistiko sortzailea pianoan garatzea da, bere ibilbide profesional osoan zehar sendotu eta lagunduko duen prozesua.

Egutegia

15 eskola ordu, ikasturtean zehar banatuak.

Ordutegia irakaslearen eta ikaslearen artean adostuko da, ikastegiak dituen aukerak kontutan hartuta.

Nork bere kasa ikasteko eta eskolak eta kontzertu-grabazioa prestatzeko 120 orduko lana aurreikusten da.

Prezioa: 1988€