Elixabete Etxebeste
Elixabete Etxebeste Espina (Donostia, 1965), musikaren filosofoa eta esteta, musika klasikorako eta herri-musikarako prestakuntza du interpretazioan (pianoa, saxofoia eta musika elektronikoa). Magister Artium da Musikaren –Sistematikoa eta Historikoa– Zientziatan Hanburgoko Unibertsitatean, eta Ikasketa Aurreratuetan diplomaduna Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Europako musikologiako izen ospetsuekin ikasi zuen, adibidez Albrecht Schneider, Vladimir Karbusicky eta Oskar Elschek-ekin Sistematikoan, edo Constantin Floros, Wolfgang Dömling eta Peter Petersen-ekin Historikoan. Ivana Loudova eta Jens-Peter Ostendorfekin konposiziora hurbildu zen, eta Marina Abramoviç, Ewjenia Tsanana eta Anka Manshusenekin performanceetara eta komunikazio bisualera.
Diziplinarteko eta diziplinaz gaindiko ikerketan bereziki interesatuta egonik, musikaren konposizio, interpretazio eta hartzearen inguruko proiektutan lan egiten du –bereziki XX. eta XXI. mendeetako musikari lotuta–, eta 2002. urteaz geroztik Musikaren Filosofia eta estetikako eta Etnomusikologiako irakaslea da Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia).