Jarrai Gaitzazu

Home  /  Gradu ondokoak  /  PERKUSIO INTERPRETAZIOAN ESPEZIALIZAZIO IKASTAROA

PERKUSIO INTERPRETAZIOAN ESPEZIALIZAZIO IKASTAROA

IRAKASLEAK: JAVIER AZANZA, JAVIER ALONSO, ANTONIO DOMINGO ETA LORENZO FERRANDIZ

Jabi Alonso

Bilbon jaioa. Perkusio ikasketak Bilboko “J.C. Arriaga” kontserbatorioan egin zituen J. Manuel Gallardo irakaslearekin, karrera amaierako Ohorezko Saria jaso zuen. Ondoren Robert Van Sice eta Miguel Bernat izan zituen irakasle Rotterdameko Kontserbatorioan, “Uitvoerend Musicus” (kontzertista) titulazioarekin graduatuz. Perkusio Masterra egin zuen Yaleko Unibertsitatean (AEB) 2004an.

1992an perkusio jotzaile plaza lortu zuen Bilboko Udalaren Txistulari Bandan. 1995eko apirilean bigarren saria lortu zuen “Juventudes musicales”-ek antolatzen duen “Concurso Permanente para Jóvenes Intérpretes”  lehiaketan.

Ganbera musikan jarduera bizia izan du, aipagarriena Gasteizko Espacio-SINKRO musika garaikide ensenblearekin egiten duena, munduan zehar hainbat kontzertu egin baititu (AEB, Kanada, Alemania, Galizia, Badajoz, Granada, Sevilla, Valentzia, Palentzia…) eta hiru CD grabatu Carmelo Bernaola, Félix Ibarrondo edo Guillermo Lauzurikaren obrekin. 1994tik 2005era “Inner Dúo” (saxofoi eta perkusio bikotea) taldeko kide izan zen, “Hots” CDa argitaratuz.

1993 eta 2011 bitartean Bilboko Orkestra Sinfonikoaren kide izan zen Perkusio bakarlari Tinbal laguntzaile moduan. Hainbatetan izan da bakarlari orkestra horretan honako obrak interpretatuz, besteak beste: “Bi pianorentzat kontzertua”, Bela Bartok (1996); “Grace” bi marinba eta orkestrarentzat, Martin Bresnick (2001); marinba bi txalapartari, txistu, banda eta orkestrarentzat “Enbat”, MªEugenia Luc; “Des Canyons aux etoiles” tronpa, piano, bi perkusio jotzaile eta orkestrarentzat, Oliver Messiaen (2008).

1999. urtetik kontzertu lanak irakasle lanekin uztartzen du hainbat ikastaro emanaz Bilbo, Gasteiz, Donostia, Errenteria, Ontinente, Lugo, Burgos, Euskal Herriko Gazte Orkestra edo Kantabriako gazte orkestran. Eusko Jaurlaritzako irakasle-funtzionario da eszedentzian, eskolak eman dituelarik 10 urte baino gehiagotan Bilboko “J.C. Arriaga” eta Gasteizko “Jesús Guridi” Kontserbatorioetan.

2010etik da irakasle Musikenen.

Javier Azanza

Gurasoen bultzadari esker oso gaztetatik jaso zuen muska hezkuntza ona. Benimaclet Musika Ikastegian hasi zituen ikasketak ondoren Valentziako Musika Kontserbatorio Profesionalean jarraitzeko.

2010ean perkusio goi mailako titulua lortu zuen Castellon-go “Salvador Segui” goi mailako kontserbatorioan. Orkestra errepertorioan sakondu eta hobetzeko interesak bultzatuta, ikasketak Alemanian jarraitzea erabaki zuen. Munich-en “Hoschule für Musik und Theater” ikastegian onartua izan ondoren Ohorezko Matrikula lortu zuen Master tituluan Raymond Curfs, Peter Sadlo eta Franz Bach irakasleekin.

Ikasle garaian hainbat orkestretako kide izan zen, hala nola Valentziako Orkestra Gaztea, Jeunesses Musical World Orchestra, Espainiako Gazte Orkestra Nazionala (JONDE), eta Gustav Mahler Jugend Orchester (GMJO).

2012. urtean Berlingo Orkestra Filarmikoaren Karajan Akademia ospetsuan onartu zuten eta bi urtez Rainer Seegers eta Franz Schindlbeck irakasle izateaz gain, orkestra horrekin aritu zen.

2015 eta 2017 urte bitartean tinbal jotzaile bakarlari izan zen Euskadiko Orkestra Sinfonikoan.

Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Royal Concertgebouw, NDR Elbphilarmonie Hamburg, Munich-eko Estatu Opera eta Rotterdam-eko Orkestra Filarmonikoa bezalako orkestrekin aritzen da, besteak beste.

Parisko Orkestran tinbal jotzaile bakarlari da egun Daniel Harding zuzendariarekin, eta Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian irakasle.

Antonio Domingo

Madrilgo Goi-Mailako Musikako Errege Kontserbatorioan perkusio-ikasketak burutu zituen (ohorezko saria erdi-mailan eta ohorezko aipamena goi-mailan), eta Neoperkusio Ikasketen Zentroan osatu zuen gero bere trebakuntza.

Ganbera-musikako talde askotako kide izan da, aipagarrienen artean Tabir Percusión Ensembleko eta Solum marinben duoko kidea eta, era berean, hainbat orkestra sinfoniko nazionalekin egin du lan etengabe.

1995etik 2002ra bitartean Sax-Ensemble-ko kide titularra izan zen, eta 1997an Espainiako Musika Sari Nazionala jaso zuen taldeak.

2006ko urtarrilean RNErentzat kontzertu bat grabatu zuen, espainiar konpositoreek idatzitako marinbentzako zazpi lan estreinatuz, besteak beste honako konpositore hauenak: Tomás Marco, Carlos Cruz de Castro, Zulema de la Cruz, Juan Media, Jesús Besada, Olivier Caravana eta Javier Jacinto.

1990. urtetik 2015. urtera arte Villacañas herriko (Toledo) “Gratiniano Martínez” udal musika-eskolako Musika Hizkuntza ikasgaiko irakaslea izan zen, eta baita zuzendari akademikoa eta artistikoa ere 1999 eta 2015 urteen artean.

Gaur egun, Castellóko Mestre Agut Manrique Musika Eskolako eta Avilako MUSICAMOS Musika Eskolako Luthier Hezitzailea da, bibrafono-irakaslea ere bai eta Musikene ikastegiko Perkusio Ensembleko zuzendaria da.

Lorenzo Ferrándiz

Lorenzo Ferrándiz Carrillok Perkusio ikasketak egin zituen Alacanten eta 1994. urtean Amsterdamera joan zen bertako kontserbatorioan ikasketak jarraitzeko. Perkusio eta Ganbera Musika espezialitateetan graduatu zen.

1992 eta 1995 urte bitartean JONDEko kide izan zen, eta 1996ko udan Tanglewood orkestrarekin aritu zen Tanglewood Music jaialdian (Boston), Seiji Ozawa zuzendari artistiko izan zuela.

1996 eta 2001 urte bitartean Amsterdameko Perkusio Taldeko kide izan zen eta 1991tik Espainiako eta Holandako hainbat talde eta orkestrarekin aritu izan da. Perkusio Duoa osatzen du Gustavo Gimeno bere kidearekin, Europako hiri nagusietan kontzertuak eta eskola magistralak emanez eta nazioarteko hainbat sari irabaziz. Grabazioak ere egin dituzte, Theo Loevendie, Tom de Leeuw eta Jacob ter Velghuis bezalako konpositoreen obrekin.

1995. urtetik Amsterdameko Royal Concertgebouw Orchestra-rekin aritzen da elkarlanean M. Jansons, R. Chailly, B. Haitink eta N. Hartnoncourt bezalako maisu handien zuzendaritzapean, disko grabazio askotan parte hartuz.

1998 eta 2008 urte bitartean Amsterdameko Kontserbatorioan irakasle eta perkusio taldeko kide izan zen, eta 2002 2013 urte bitartean berriz Aragoko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Perkusio katedradun. Lorenzo Ferrándiz perkusio irakasle gonbidatua izan da hainbat topaketatan Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean, Madrilgo Erkidegoko Gazte Orkestran, Kataluniako Gazte Orkestran, Galizako Real Filarmoníaren Musika Goi Ikasketen Eskolan eta hainbat nazioarteko ikastarotan.

Gaur egun irakasle da Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (MUSIKENE) eta Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC).

Azalpena

Ikastaro honek bakarkako, ganberako edo orkestrako obren interpretazioan sakontzeko aukera eskaintzen du. Ikasle bakoitzak modu biziagoan lan egin ahal izango du aipatutako arlo batean edo batzuetan.

Ikasleak proiektu bat maila profesionalean gauzatzeko edo balizko lehiaketa/oposaketa baterako beharrezkoak diren tresnak lortzea da ikastaro honen helburua.

Errepertorioa irakaslearen eta ikaslearen artean adostuko da, azken horren beharren arabera. Eskolak banakakoak izango dira eta maiztasuna, datak eta ordutegia elkar-adostuz zehaztuko dira.

Javier Azanza irakasleak tinbal eskolak emango ditu, Jabi Alonsok kaxa eta multiperkusioa, Antonio Domingok bibrafonoa eta Lorenzo Ferrándizek marimba eta orkestrako perkusio txikia.

Matrikulatutako pertsonek, ikastetxeak hala proposatuta, Musikenek programatutako jarduera instrumentaletan edo hitzarmena duten beste musika-talde batzuekin lankidetzan egiten direnetan kolaboratzaile gisa parte hartu ahal izango dute euren borondatez.

Egutegia

Ikasle bakoitzak banakako bost eskola izango ditu irakasle bakoitzarekin, ordubetekoak, ikasturtean zehar banatuta. Irakasle bakoitzeko ordu-banaketa hori ikaslearen interesen arabera egokitu ahal izango da. Horrela, banakako hogei eskola jasoko ditu, bakoitza ordubetekoa.

 

Prezioa: 2650€

X