Jarrai Gaitzazu

Home  /  KANPO PROIEKZIOA

KANPO PROIEKZIOA

Sortu zenez geroztik, eta zerbitzu publiko bat izan nahi duela kontuan hartuta, Euskal Herriko Musikako Goi-mailako Ikastegiak ongi zaindu du inguruarekiko harremana. Horregatik, herrialdeko musika- eta kultura-erakunde gehienekin harreman estuak ezarri ditu, ez bakarrik unean-unean hitzarmen edo akordioak sinatuz, baita 2010-2011 ikasturteko krisialdiaren ostean areagotu diren helburu batzuei erantzunez ere. Kontzertuen produkzioaren alorrean Musikenek gizartean lortu duen presentzia nabaria da horren adierazgarri nagusietako bat. Alde batetik, jendearen aurrean jotzeko aukera ematean, prestakuntza erreala ematen zaie ikasleei, eta profesionalizaziora hurbiltzen dira; bestetik, Musikene bezalako ikastegi bat mantentzeko eta garatzeko egiten duen ahalegina “itzultzen” zaio gizarteari. Azkenik, kultura-erakundeek zein herritarrek oro har ikastegian egiten den lana ezagutzea lortzen da. Filosofia horri jarraikiz, Euskal Herriko Musikako Goi-mailako Ikastegiak lanean dihardu buru-belarri, iristen zaizkion proposamen guztiei erantzuna ematen ahaleginduz. Azken sei urte hauetan argi geratu da kontzertuen eta eszenatokien kopurua handitu egin dela eta hainbat erakundek Musikenerekin lankidetzan jarduteko eskaera kopurua ere gorantz doala. Gaur egun ikastegia musika- eta hezkuntza-erreferentzia da, urtean gutxi gorabehera ehun kanpo-kontzertu ematen dituena, gehienak gure egoitzan eta autonomia-erkidegoko beste eszenatoki batzuetan, baina baita Estatuan eta Europako gainerako herrialdeetan ere.

Musikenek harremanak dauzka herrialdeko kultura- eta hezkuntza-agente guztiekin, ikastegiak sortutako proposamen guztiei eta beste batzuekiko harremanetik sortutakoei erantzunez eta betiere gure ikasleen prestakuntza jomugan jarriz. Harreman horiek osatzen dute ikastegia sendotzera datorren beste ezaugarri bat. Hitzarmen eta kolaborazio berrien kopurua igo egin da, eta lehendik daudenak areagotu egin dira. Hori ikastegiaren nortasun-ikur bihurtu da dagoeneko, eta uste osoa dugu elkar aberastearen mesedetan doala.

Azkenik, azpimarratzekoa da Musikeneren helburu nagusietako bat dela ikastegiaren eta ikastegiak garatzen dituen jardueren benetako irudi bat ematea. Horregatik, ikasgeletan egiten den lanaren zabalkundea areagotu dugu azken urte hauetan, komunikabideetara joz prentsa, irrati eta telebistako programak sustatzeko, elkarrizketak egiteko eta prentsaurrekoetan parte hartzeko. Horrek guztiak komunikabideen arreta erakarri du, ikastegiaren gaia agendan bildu dute, eta publikoak Musikeneren irudi errealago bat dauka une honetan.

HITZARMENAK

Musikenen jakitun gara gure herriko kultur erakundeekin lotura izateak eta proiektuetan elkarrekin lan egiteak duen garrantziaz. Hori dela eta, 2012ko ekainetik lankidetza hitzarmenak sinatu ditugu hainbat erakunderekin, gure ikasleen trebakuntza hobetu eta bide profesionalerako prestatzeko. Jaialdi, elkarte, talde, ikastegi eta bestelako kolektiboekin ere lanean aritzen gara kanpo jarduerak eginez, musikak gure gizartean duen presentzia areagotzen dutenak.

 

EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA: www.euskadikoorkestra.eus

Elkarlanerako lehentasunezko hitzarmen instituzionala, 2012ko ekainean sinatua. Hitzarmen honen garapenetik eratortzen diren jarduera guztiak AULA JORDÁ GELA: EUSKADIKO ORKESTRA+Musikene izenaren barne hartzen dira. Bi erakundeek, gainera, Orkestra Ikasketa Masterra jarri zuten abian 2015-16 ikasturtean, Estatuan ezaugarri horietako bakarra. Beste jarduera batzuen artean, hitzarmenak ikasleek orkestraren abonu denboraldian parte hartzea, EUSKADIKO ORKESTRAeko bakarlari edo zuzendariek ikasleentzat bakarrik masterclassak egitea, edo entseguetara libreki joatea aurre ikusten du.

 

JAZZALDIA: www.heinekenjazzaldia.com/es/

2013ko apirilean sinatutako hitzarmena. Musikeneko ikasle taldeek jaialdiaren egitarauan parte hartzea aurre ikusten du, edo bertan antolatzen diren masterclassetara libreki joatea.

 

DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA: www.quincenamusical.eus/

2013ko ekainean sinatutako hitzarmena. Eskola magistralak bezalako heziketa jarduerak ezartzen ditu, bai eta jarduera praktikoak ere –Hamabostaldiaren ekoizpenetan paper txikietarako entzunaldiak, edo Irekiera Jardunaldiko kontzertuak, Gazte Interpreteak Zikloa edo ziklo berriak, hala nola Musikeler.

 

BILBOKO ORKESTRA SINFONIKOA: https://bilbaorkestra.eus/

urrian sinatutako hitzarmena. Aurre ikusten ditu, besteak beste, ikasleak orkestraren abonu egitarauetan parte hartzea, masterclassak, orkestrak Zuzendaritza ikasleen Ikasketa Amaierako Azterketan parte hartzea, Konposizio ikasleen azken obraren grabazioa egitea, eta kontzertu didaktikoak.

 

MUSIKAGILEAK (Euskal herriko musikagileen elkartea): www.musikagileak.com/

2013ko urrian sinatutako hitzarmena. Musikeneko ikasleen obrak estreinatzen dira antolatzen dituen zirkuitu edo zikloetan, eta Musikagileak egiten dituen hainbat masterclass eta/edo hitzaldi Musikenen egiten dira, ikasle eta irakasleak libreki joateko aukerarekin.

 

ERESBIL (Musikaren euskal artxiboa): www.eresbil.com/

2014ko urtarrilean sinatutako hitzarmena. Musikeneko Mediateka eta Eresbilen artean liburuak, argitalpenak eta informazioa elkar trukatzea, bai eta bi fondoetara sartzeko gidak elkarrekin egitea. Horretaz gain Musikeneko langile eta ikasleek sarbide errazagoa dute Eresbilera, Musikenek aholkua ematen dio Musikasteri programazioa egiteko eta elkarrekin Ikerketa proiektuak sustatzen dira, bereziki Euskal Herriko musika ondareari buruzkoak.

 

DONOSTIAKO ORFEOIA: www.orfeondonostiarra.org/

2014ko abenduan sinatutako hitzarmena. Beste jarduera batzuen artean, elkarrekin gutxienez kontzertu bat egiten da ikasturtero, Donostiako Orfeoiaren koruetako batekin (Orfeoia, Orfeoi Gaztea eta Orfeoi Txikia) eta Musikeneko talde batekin (Orkestra Sinfonikoa, Musikene Sinfonietta, Banda Sinfonikoa eta Big Band). Horretaz gain, bi erakundeek musika Ikerketa sustatzen dute Orfeoia-Musikene izena duen aipamen berezi batekin, Musikeneko ikasleen artean Ikasketa Amaierako Lan onena egin duenarentzat.

 

MUSIKA GARAIKIDEA: KURAIA, SMASH ETA BERNAOLA JAIALDIA:
www.ensemblekuraia.es/
www.smashensemble.com/
www.bernaolafestival.com/

2015eko apirilean Euskadiko musika garaikideko hiru jaialdi nagusiekin sinatutako hitzarmena: Bilboko Kuraia Jaialdia, Vitoria-Gasteizko Bernaola Jaialdia, eta Smash Nazioarteko Jaialdia, Donostian kokatua. Akordioaren helburu nagusia egungo musika bultzatzea da. Horretarako, Musikeneko ikasleek nazioartean pisu handikoak diren artisten eskutik aholkuak jasotzen dituzte jaialdi horietan antolatzen diren hitzaldi eta masterclassen bitartez; bertan parte hartuz bizitza profesionalarekin kontaktu zuzena izaten dute gainera. Konposizio ikasleek obrak entzuteko aukera izaten dute eta interpretaziokoek berriz errepertorio garaikidea ospeko jaialdietan jotzeko aukera.

 

BILBOKO UDALAREN MUSIKA BANDA:www.bilbaomusika.net/castellano/cbdlabanda.asp

2015eko abenduan sinatutako hitzarmena. Musikeneko Interpretazio eta Zuzendaritza ikasleek praktika profesionalak egin ditzakete, Bilboko Udalaren Musika Bandarekin instrumentista edo Zuzendari modura parte hartuz. Bandak Musikeneko konposizio ikasleek idatzitako obrak jotzea ere aurre ikusten du akordioak.

 

KUTXA: https://kutxa.kutxabank.es/

2015eko abenduan sinatutako hitzarmena. Ganbera musika eta jazz ziklo bana antolatzea, eta Big Banda Tabakaleran programatzea aurre ikusten du.

 

BEASAINGO UDALA: www.beasain.org

2016ko apirilean sinatutako hitzarmena. Igartza Beka sortzea, 3.000 euro emanaz Master ikasle bati eta 2.000 euro berriz goi mailako ikasle bati.

 

GOETHE INSTITUT: https://www.goethe.de/ins/es/es/sta/mad.html

2016ko irailean sinatutako hitzarmena, alemaniar konpositore eta interpretarien kultura eta musika hedatu eta sustatzeko helburuz. Helmut Lachenmann konpositorearen inguruan egindako proiektuan elkar lana.

 

ONKOLOGIKOA http://www.onkologikoa.com/

2016ko abenduan sinatutako hitzarmena, musikaren bitartez egindako ikerketa eta berrikuntza soziedukatibotik abiatuta giza-baloreetan hezi eta gizarteari baliagarri izateko helburua duen proiektu soziedukatiboa garatzeko pentsatua. Bi lankidetza ardatz ditu. Batetik, diziplina anitzeko talde batek, musikoterapeutaz, psikologoz, pedagogoz, musikariz (irakasle eta ikasleak) eta Onkologikoko mediku-langilez osatua, bertako gaixo eta senitartekoekin. Bestetik, Musikeneko bakarlari edo taldeek Onkologikoan egingo dituzten kontzertu laburrak, Musika kapsulak izenburupean.

 

DSS2016: https://www.sansebastian2016.eu/

https://www.donostia.eus

Hitzarmen hau 2016ko urtarrilean sinatu zen Musikagile handiak gertutik! zikloa garatzeko Elkarrizketak programaren barruan, 2016ko Kulturaren Europako Hiriburua hiriko kultura-agenda ofizialarekin harremanetan jartzeko helburuarekin, eta zikloari hasiera eman zitzaion Helmut Lachenmann musikagilearen eskutik.

 

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA: https://www.gipuzkoa.eus/es/

Hitzarmen hau 2017ko urrian sinatu zen, Gipuzkoan ondare organistikoaren kontserbazio eta zabalkundearen alorrean jarduerak egiteko.

 

EASO ABESBATZA: https://www.coroeaso.com/

Hitzarmen hau 2018ko apirilean sinatu zen, musika-pedagogiaren, ikerkuntzaren eta abesbatzarako zuzendaritzaren alorretan jarduerak garatzen laguntzeko.

 

UPV/EHU: https://www.ehu.eus/

Hitzarmen hau 2018ko maiatzean sinatu zen UPV/EHUren (Gipuzkoako Campuseko zentroak) eta Musikeneren artean, euskal gizartearen kultura, arte, unibertsitate eta ikerkuntzaren gaitasuna indartzeko lagungarri izango diren zabalkunde, prestakuntza eta ikerkuntzako jarduerak elkarlanean egiteko. Kulturan, musikan, gizarte-garapenean eta beste zenbait alorretan jardun-ildoak garatzea.

 

LANKIDETZA ETA AKORDIOAK

ESCUELA DE CINE Y VÍDEO DE LARROTXENE, DONOSTIA

DIPUTACIÓN DE ALAVA

KUTXABANK VITAL 

AIE (Sociedad de Artistas Intérpretes o Ejecutantes de España)

SGAE (Sociedad General de Autores y Editores)

JME (Jóvenes Músicos de Euskadi)

INTERMEZZO

EL DIARIO VASCO

UNIVERSITY OF NEVADA

MECCA RECORDS

ORPHEUS RECORDS

IRIZAR

ORONA Fundazioa

JUVENTUDES MUSICALES DE BILBAO

HARMONY GAMES

 

BESTELAKO LANKIDETZAK:

Certamen Intercentros, Concurso Internacional de Piano Ciudad de San Sebastián, Museo San Telmo, Museo Oteiza, Pasaia Musikal Musika Eskola, Bilbao Musika, Musika- Música de Bilbao, Donostia Musika, Escuela Municipal de Música y Danza de Donostia, Orquesta Et Incarnatus, Opus Lírica, Museo Igartubeiti, Errenteria Musika Kultur Elkartea, Tabakalera, Conservatorios Profesionales del País Vasco, Festival de cine musical Dock of the bay, Colegio Mayor Ayete, Universidad de Virginia (Estados Unidos), Tecnun (Escuela de Ingenieros de la Universidad de Navarra), Mondragon Unibertsitatea, Universidad de Deusto, Ayuntamiento de Zarautz, Festival Mujeres en la música, colectivo Ezmugak y Universidad de Medellín (Colombia).

NAZIOARTEKO HARREMANAK

Sortu zenez geroztik, Musikenek EtxeparerenJalgi hadi mundura!famatua bere egin zuen Euskal Herrian hezitako musikarien nazioarteko ezinbesteko integrazioa helburu axial bihurtzeko; aldi berean, bere erkidegoko lurraldetik haratagoko musikarien arreta erakarri nahi zuen ikastegiak. Bere ibilbidearen lehen urtetik aurrera, Musikenek askotariko nazionalitatetako irakasleak izan ditu, britainiarrak, frantsesak, holandarrak, poloniarrak, japoniarrak eta beste hainbat herrialdetakoak, eta guztiek ere, denborarekin etengabe zabalago eta sakonago egin den ildo emankorra ezarri dute, arrasto aitzindari bat utzita. Lehenengo une batean Garth Knox, Frédérique Cambreling edo Erik Chapman egon ziren gurean, eta geroago Pierre-Emmanuel de Maistre-k, Maciej Pikulski-k, Katalin Hajnóczy-k edo Anthony Pay-k hartu zuten hastapenetako bultzatzaile haien lekukoa, Musikeneren historia akademikoa ezin ezabatuzko eran markatu duen komunitate kosmopolita horretako izen batzuk ematearren. Hala, ikastegiak nazioarteko harremanen sare oparoa sortu du, musikariak zein ikastegi akademikoak bilduz: esaterako, Erasmus sarearekin eta sare hori bultzatzen duen proiketuarekin guztiz inplikatu da. Gure irakasle, ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileek Europako tresna emankor hori ongi baliatu dute, beren esperientzia eta jakintza zabaltzeko, eta, ildo horretan, gure ikastegiaren bizitzan oihartzuna duten lotura batzuk ezartzeko: urtero-urtero, Musikeneko ikasle, irakasle eta administrazioko langileak Europako ikastegietara joaten dira, eta gurean, berriz, kanpotik etorritako ikasle eta irakasleak hartzen ditugu. Guretzat ohikoa da Europako ikastegi ospetsuenetatik hona etortzeko eskaerak jasotzea. Batzuk bakarrik aipatzearren, Helsinkiko Sibelius Academy, Koloniako Hochschule für Musik und Tanz Köln edo Varsoviako The Fryderyk Chopin University of Music ikastegietako irakasle, ikasle eta langileek egin digute elkar ezagutzeko eskaera. Gaurko egunean, Musikenek hitzarmen sinatuak dauzka atzerriko 18 herrialdeetako 48 kontserbatorio eta musika-eskolarekin, eta Europako Kontserbatorioen Elkartean parte hartzen duenez, harreman horiek estu ditzake, eta gure irakaskuntzetan, haien eraldaketa eta eguneratzean eta hezkuntza-eskaintzaren kalitatearen azterketan eragina duten Europako programetarako ekarpenak egin ditzake.

 

Bere bost zuzendaritza-etapetan, Musikenek hainbat programa garatu ditu musikari eta irakasle gonbidatuekiko harremana sustatzeko masterclasseen bitartez, eta horri esker sare plurala zabaldu du sail eta espezialitate guztietan: Marie-Pierre Langlamet, Raphael Haeger, Martin Fröst, Ed Neumeister, Radovan Vlatkovic, Yayoi Toda, Ivo Pogorelich edo Antonella Massimo dira horren adierazgarri, beste hainbaten artean. Sormenaren esparruan, tailerrak eta konpositoreen egonaldiak finkatu direla esan dezakegu. Hastapenetan, “Musikene Actual” ekimenaren lehen edizioetan, Simon Holt eta Ivan Fedelen izan genituen gurekin. Orain gutxi, berriz, DSS2016 ekimenarekin ezarritako kolaborazioak ahalbidetu du 2016an Helmut Lachenmann eta 2017an Peter Eötvös ekartzea, bakoitza bere profil eta helburuekin. Helmut Lachenmann-ekiko esperientziak orkestra-lan berri bat egiteko aukera eman zuen, instrumentu-baliabide berriak ikertuz, Mikel Urquiza konpositore egresatuaren omenaldi-obra bat estreinatuz eta konposizio-tailerretan eztabaida estetiko eta ideologiko bizia eta zorrotza bideratuz. Peter Eötvös, berriz, konpositore eta orkestra-zuzendari gisa azaldu zitzaigun, Budapesteko Eötvös Fundazioarekiko truke-esparru zabalago baten barruan. Eötvös-ek Musikeneren Orkestra zuzendu du Hungariako zenbait konpositoreren (Liszt, Bartók eta Kurtágha, eta Marcell Dargay gaztea) obratan. Aitzol Iturriagagoitia, José Luis Estellés eta Christian Wetzel irakasleen eskutik iritsi zaigu Musikeneko irakasle taldearen egungo dinamismoaren beste erakusgarri bat. Izan ere, truke-esparru batean gonbidatutako Leipzigeko eta Koloniako Hochschüle ikastegietako irakasleekin batera, bi asteko jarduera-programa antolatu dute Isan Yun-en obraren inguruan. Proiektu horri amaiera emateko, Musikeneren Sinfoniettak kontzertu bat eman zuen, Manuel Nawri Berlingo Hans Eisler kontserbatorioko irakaslearen zuzendaritzapean.

 

Une honetan, diziplina anitzeko proiektu berrien perspektibak dauzkagu aurrez aurre, egiteke dauden garrantzizko zenbait zereginekin batera. Besteak beste, Frantziako kontserbatorio hurbilenekiko (Bordele, Tolosa eta Baiona) harremana sendotzea, haiekin espazioak eta helburuak partekatzen ditugun heinean. Hamabost urteko ibilbidean, Musikenek azkar lortu du nazioarteko ospea sendotzea. Horri esker, musikariak erakarri egiten ditu gaur egun, eta hori ezbairik gabe izugarri interesgarria da guretzat, ikasleek garatzen jarraitzeko eta ingurune profesionalean aurrera egiteko behar duten oihartzuna aurkitzen dutelako horrela.

MUSIKENEK-IN. PROIEKTU SOZIOEDUKATIBOAK

Musikenek gizartearekiko konpromisoa eta heziketa biltzen dituen ildo berri bat du, eta ildo hori garatzeko hainbat proiektu egiten ari gara Musikenek-IN izenburupean.  Ekintza horien helburua bikoitza da: alde batetik, musikarekin gizarteko sektore guztietara iristea eta, horretarako, proiektuak sortzea eta borondatez parte hartzea horietan; eta, bestetik, ikasleak balioetan oinarrituta heztea eta, horretarako, lanbide-arloko erronka berriei aurre egiteko prestatzen ditugu.  Ildo horretan sartzen dira Onkologikoan egiten dugun lana, Invisible Beauty proiektuaren barruan Alzheimerra duten gaixoekin egiten dugun lankidetza eta ikasturte bakoitzean kolektibo desberdin bati eskaintzen diogun kontzertua.

 

Musikeneren kezka nagusietako bat gizartean egoera ahulenean dauden sektoreetara iristea izan da beti. Horrek adierazgarri, Pedagogia Sailak hamarkada bat baino gehiago darama ikasleak hainbat kolektiborekin –dibertsitate funtzionala dutenekin, gizartean eta kulturan egoera ahulean dauden kolektiboekin– harremanetan jartzeko proiektuak garatzen; hori guztia ikasgaien bitartez egiten dute –Musikari aplikatutako psikopedagogia II, Heziketaren soziologia– edo ikasketa-amaierako lanaren bitartez.  Horretaz gain, Lisarco dantza-konpainiarenSynergy ikuskizunean parte hartu dugu, Down sindromea duten dantzariekin, eta kontzertu didaktiko eta integratzaileei buruzko prestakuntzako mintegietan parte hartu dugu. Halaber, patologia jakin batzuk dituzten kolektiboekiko sentiberatasuna agertu izan du Musikenek; azken hamar urteotan kontzertuak eskaini izan ditu bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkartearentzat (Katxalin), baita Donostiako Onkologikorako ere. Gaur egun, bi proiektu nagusi garatzen ari gara: bata osasun-zentro horrekin, 2016. urteaz geroztik, eta bestea Invisible beauty, AiDo Project dantza garaikideko konpainiak, Dantzaguneak eta Afagik (Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkartea) elkarlanean garatzen dutena –Musikene 2017aren amaieran sartu zen–. Jarduera-ildoa berean, Musikene Vura Project GKEarekin elkarlanean ari da; GKEak musika-eskola bat du Ugandan.  Gainera, 2017/18 ikasturtean Musikenek kolektibo bati eman dio kontzertuetako batean ateratako dirua, dohaintzan. Lehenengoa 2018ko maiatzean izan zen; Musikeneko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak parte hartu zuten, Víctor Pablo Pérez zuzendari zela, eta AECC Minbiziaren aurkako Elkartearentzat izan zen dirua.

 

ONKOLOGIKOA

2014. urtean Musikene, Pedagogiako sailaren gidaritzapean, musika-hezkuntzako programa bat egiteko lanean hasi zen, musikako ikasle eta irakasleak balioetan hezteko helburuarekin. Proiektua 2016an abiatu zen DSS2016 kultura-hiriburuaren laguntzarekin, eta bi lankidetza-ardatz hartu zituen aintzat. Musikenek musikoterapeuta, psikologo, pedagogo eta musikariz osatutako talde bat sortu zuen eta harekin jardun zuen, eta talde horri Onkologikoko osasun-langileak gaineratu zitzaizkion, zenbait tailerretan elkarlanean aritzeko. Proiektuaren barruan, halaber, Musikeneko bakarlari eta taldeek kontzertu laburrak eman zituzten Onkologikoan, Kapsula musikalak programaren barruan.

 

Invisible Beauty

Invisible Beauty proiektu sozial bat da, AiDo Project dantza garaikideko konpainiak garatua Alzheimerra duten pertsonentzat. AFAGI Alzheimerra edo beste dementzia dutenen senitarteko eta lagunen elkartearentzat sortu zen eta Dantzagunea zerbitzuarekin elkarlanean jarri zen martxan. Dantzan ikaskuntza- eta sorkuntza-prozesuak errazteko sustatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea zerbitzua. 2017an Musikenek bat egin zuen ekimenarekin, bere instalazioak erabiltzeko erraztasunak emanez eta tailerretan zuzeneko musika eskainiz. Iker Arrue dantzari eta koreografoak zuzentzen du jarduera hau, dantza garaikidea tresna gisa erabiliz. Proiektu horri esker, ikasleek, balioetan oinarritutako hezkuntza jasotzeaz gain, gaitasun espezifiko batzuk ere garatzen dituzte, pertsona horiekin elkarlanean.

X