Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Leire Retegik XI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria jaso du

Leire Retegik XI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria jaso du

Leire Retegi txistulari leitzarrak XI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria jaso zuen atzo, urriak 22, Musikeneko ikasketa amaierako lanagatik: Leitzako txistularien errepertorioa, Angel Alduntzin eta Miguel Angel Sagasetaren bidez: interpretaziotik eskuizkribuetara. Saria 20:00etan banatu zen Donostiako Orfeoiaren egoitzan.

Retegiren arabera, bere lanaren helburuetako bat “Leitzako txistulariek egindako bidea ezagutaraztea izan da, Angel Alduntzin, bere garaiko txistularirik ospetsuena, eta Migel Angel Sagasetaren errepertorioan oinarrituta. Nire ikerketaren bidez, Leitzako herritarren eta bertako txistularien artean eraiki den batasuna ezagutu ahal izan dut. Melodia batzuk belaunaldiz belaunaldi igaro dira eta gaur egunera arte iritsi dira”.

Halaber, Retegik nabarmendu zuen ikasketen amaierako lanek “ikerketa, pentsamendu kritikoa eta askatasun intelektuala bultzatzen” dutela, eta horiek funtsezko elementuak direla bizi garen gizartean, “sare sozialek eta adimen artifizialak menderatzen duten gizarte honetan”.

Leire Retegi Fernandez Leitzan jaio zen 2002ko apirilaren 24an. Bertako Aralar Udal Musika eskolan hasi zituen txistu ikasketak Javier Irigoienekin, Iruñeako Pablo Sarasate Kontserbatorioan segida eman zien Garaine Jorajuria eta Aitor Urquizarekin (gradu amaierako sariarekin), eta joan den ekainean Musikenen Goi Mailako Musika ikasketak bukatu zituen Aitor Amilibiaren gidaritzapean. Gaur egun, Francisco Escudero Kontserbatorioan pianoko espezialitateko Gradu Profesionala egiten ari da Loreto Aramendirekin. Euskal Herriko Unibertsitatean Irakasleen Prestakuntza Masterra ikasten ari da, Soinueneako herri musika eskolan txistuko irakasle da eta Leitzako Aurrera dantza taldeko txistularia da.

Donostiako Orfeoia-Musikene sariak bederatzigarren edizioa bete du aurten, eta 2014an Orfeoiak eta Musikenek sinatutako lankidetza-hitzarmen baten emaitza da. Hitzarmen honen helburua Musikeneko ikasleen artean Euskal Herriko musika ikerketa sustatzea eta bultzatzea da.

X