Musi Meet II topaketa eta Eduardo Chillidaren inguruko kontzertua antolatu ditu datorren igandean, urriak 20, San Telmo Museoan
Datorren igandean, urriaren 20an, Donostiako San Telmo Museoak musika garaikideari eta honek egungo gizartearekin duen hartu emanari buruzko jardunaldi berezia hartuko du. Musi Meet IIren baitan, konpositoreak, interpreteak eta Euskal Herriko zein beste toki batzuetako kultur sektoreko hainbat eragile elkartuko dira musika garaikidearen panoramaren funtsezko gaiak eztabaidatzeko, profesionalei zein publiko orokorrari irekitako hausnarketarako eta parte hartzeko topagunea eskainiz.
Musikagileak Musikenerekin elkarlanean antolatzen duen jardunaldia, 11:00etan hasiko da, hainbat mahai-inguru eta hitzaldiekin. Bertan, asoziazionismoak kulturaren sektorearen garapenean duen garrantzia aztertuko da, Maddi Arana, Aitor Úcar eta Maria Zubimendiren parte-hartzearekin. Honez gain, musika garaikidearen programazioaren erronken inguruan ere hitz egingo da, Borja Pujolek, Miguel Angel Marinek eta Zuriñe F. Gerenabarrenak parte hartuko duten mahai inguruan. Gainera, Francisco Dominguez konpositoreak musika instrumentalean ahots musikaren transkripzioaz hitz egingo du. Saio hauek musikaren sorkuntzan eta hedapenean gaur egun dauden joerei buruz hausnartzeko esparru bat eskainiko dute, baita entzule berriak musikaren abangoardiara erakartzeko modu eta bidea ere. Esteka honetan ikus dezakezu programazio xehatu guztia. Hitzaldietarako sarrera doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte.
Jardunaldiari amaiera emateko, euskal ondarea musikaren bidez berrirakurtzeari buruzko aurkezpena burutuko da, Eduardo Chillida eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ardatz hartuta, Mikel Chillida, Miren Iñarga eta Agurtzane Garayren parte-hartzearekin. Jarduera hau 19:30ean San Telmo Museoan izango den kontzertu tematikoaren atarikoa izango da. Bertan, Eduardo Chillidari omenaldia egingo zaio Musikagileak Musika Garaikidearen XV. Zirkuituaren baitan. Kontzertu honetan, Musikeneko ikasleek zentroko konposizio departamentuko kideek sortutako Chillidaren hainbat lanetan oinarritutako konposizio batzuk interpretatuko dituzte, hala nola, Haizearen Orraziak, Omenaldia Flemingi eta Argiaren bila, besteak beste. Pieza musikal hauen bitartez, eskultorearen ondarearen berrirakurketa garaikidea proposatzen da, bere obra bisuala sonoritate berriekin lotuz eta bere sorkuntzen eta ikuspegi musikalaren arteko loturak landuz. Deskargatu hemen esku-programa eta kontzerturako sarrerak esteka honen bidez lor daitezke.
Ekitaldi honek, Musi Meet II eta Chillidaren omenaldia batzen dituenak, musika garaikidea publiko berriei zabaltzeko konpromisoa indartzen du, kultur sektoreko eragileen eta publiko orokorraren arteko elkarrizketa sustatuz. Gainera, disziplina artistiko desberdinen arteko loturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du, San Telmo Museoa bezalako ingurune enblematiko batean.