Mediateka
Musikeneko Mediatekak ikastegiko ikasle eta irakasleen informazio- eta dokumentazio-premiak asetzen ditu. Mediatekak ikasteko eta kontsultarako toki bat eskaintzen du, baita aldez aurretik aipatutako xedeetara egokitutako beste hainbat zerbitzu ere.
4 pertsonako talde bat arduratzen da dokumentuen askotariko bilduma sortu, mantendu eta hedatzeko lanaz: liburuak, partiturak, musika-aldizkariak, CDak, DVDak eta baliabide elektronikoak. Mediateka honako atal hauetan dago banatuta: mostradoregunea (mailegua eta informazioa); berritasunen erakustokia; liburuak, partiturak, CDak eta DVDak kontsultatzeko guneak; hemeroteka; talde-lanetarako aretoak; ikus-entzunezkoen aretoa; lanerako bulegoak; taldeen artxiboa; artxibo historikoa.
Bilduma
Mediatekak 60.000 dokumentu inguruko bilduma dauka, eta honako era honetan dago egituratuta:
Bilduma katalogatua: 42.000 dokumentu
- Sarrera librea: 7.000 liburu; 20.000 partitura; 10.000 CD; 1.300 DVD
- Kontsulta:
– IAL: ikasketa-amaierako 1.000 lan
– Taldeen artxiboa: 1.300 dok. (orkestra, banda, big band, sinfonietta, koru eta abarren partiturak eta materialak)
– Argitaratu gabeen bilduma: 1.400 dok. (azterketen grabazioak, kontzertuak eta abar)
- Artxibo historikoa: 18.000 dokumentu (inbentarioa eta katalogazioa egin gabe)
Dokumentuen mailegua
Ikasleak, masterreko ikasleak, ikertzaileak eta erabiltzaileak erakunde-hitzarmen bidezko sarrerarekin.
- 4 dokumentu maileguan (liburuak, partiturak, CDak, DVDak)
- Hilabeteko epea
Irakasleak eta irakasle ez diren langileak (AZL).
- 10 dokumentu maileguan (liburuak, partiturak, CDak, DVDak)
- Hilabeteko epea
Espezializazio-ikastaroetako ikasleak eta ikasle ohiak.
- Dokumentu 1 maileguan (liburuak, partiturak, CDak, DVDak)
- Hilabeteko epea
Funts bereziak eta dohaintzak
Bilduma handiak.
• Pello Zabala Fonoteka. 2018an, Pello Zabala Arantzazuko Santutegiko frantziskotarrak, Euskadi Irratian musika klasikoko programa egin zuen 20 urte baino gehiagotan bildu zituen eta programaren dokumentu-euskarri izan ziren 6.000 CDko bilduma dohaintzan eman zion Mediatekari. CDen bildumarekin batera, Zabalak irrati-jarduerako 20 urte horietan egindako programa guztien idatzizko dokumentazioa jaso zuen Mediatekak.
• Juan Carlos Gómez Zubeldia Funtsa (1924-1992). Piano-irakasle bilbotar ospetsuaren liburutegi pertsonala, liburuz, partiturez eta LPz osatua (3.500 dokumentu). Bilduma 2002an jaso zen.
• Parandiet. Antonio Parandiet donostiarrak (1954-2009), melomano sutsua zenak, liburutegi pertsonal aberatsa bildu zuen, eta bertan, literatura-bilduma batekin eta arteko liburutegi txiki batekin batera, soinu-grabazioen bilduma bikaina zegoen, batez ere opera eta ahots-musikarekin. Musikenek, haren familiaren bitartez, liburutegi horren musika-zatia jaso zuen dohaintzan: 400 liburu, 3.000 CD, 1.000 LP, 150 DVD, “Opera International” eta “Scherzo” aldizkarien bilduma osoa eta ehunka opera-programa.
• Devoto-Valle Inclán musika-liburutegia. Senar-emazte ziren Daniel Devoto (1916-2001) idazle eta musikologo argentinarrak eta Ramón María del Valle-Inclán (1866-1936) idazle ospetsuaren alaba zen María de la Encarnación Beatriz Baltasar “Mariquiña” del Valle-Inclánek (1919-2003) bildutako liburutegiaren musika-atalari dagozkion liburu, pianorako partitura eta aldizkari zaharren bilduma. Bilduma 2008an jaso zen.
Bilduma ertainak.
• Rodríguez-Anuzita Bilduma. 2017an dohaintzan jaso genuen senar-emazte ziren José Ramón Rodríguez Lafuente musika-kritikari bilbotarra eta bere karreraren zati handi bat BOSen garatu zuen Arantza Anuzita Madina biolinista profesionalaren partitura-bildumaren zati bat. Bildumak 600 partitura ditu.
• Mª Luisa Ozaita Bilduma. 2017an Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren bitartez Mª Luisa Ozaita (1939-2017) konpositore eta klabezinistaren liburutegi pertsonaleko 300 partitura ingururen dohaintza jaso genuen.
• Solana Liburutegia. 2006an Alberto Solana liburu-saltzaile, melomano eta CD eta LPen bildumagile donostiarraren liburutegi pertsonalaren zati bat jaso genuen. Solanak Musikeneko Mediatekari 1.000 dokumentu inguru eman zizkion dohaintzan, batez ere liburuak eta LPak.
Bolumen txikiagoko beste dohaintza garrantzitsu batzuk.
Urte hauetan Musikeneko Mediatekak partikularren hainbat dohaintza jaso ditu, aurrekoak baino bolumen txikiagokoak baina era berean oso garrantzitsuak. Honako pertsona eta erakundeen eskutik jasotako bilduma hauek azpimarratuko genituzke: Arturo Tamayo (musika garaikideko partiturak), Aitzol Iturriagagoitia (LPak), Celia Martínez Cristina (CDak), Alfonso Iriarte (LPak), Eresbil Artxiboa (ehunka dokumentu), Joaquín Chacón eta Chris Kase (Jazz-eko CDak), Music Sales (partiturak), CEDOA-SGAE (partiturak), eta beste dokumentu batzuk, gehienbat liburuak: Jokin Lénizek, Errege Antzokiak (Madril), José Ángel Irigarayk, José Ángel Achónek, Mª Ángeles Rodríguezek, Koldo Bravok, Deborah Carterrek, Josetxo Bretosek eta zerrenda luzea osatzen duten beste hainbat pertsona eta erakundek emandakoak.
Sare sozialak
Mediatekak sare sozialetan egiten duen jarduera nagusia Twiterren garatzen da, etengabe zabaltzen ari den komunikazio-tresna arina baita. Mediatekaren twiterreko @MMediateka kontuaren bitartez musika-aktualitateari buruz informatzen dugu, betiere musika-dokumentazioaren ikuspuntutik, musika-webguneak eta musika-ekitaldiak gomendatzen ditugu, eta Mediatekako berritasun azpimarragarrienen berri ematen dugu.
Pablo Sorozábalen (1897-1988) idazmahaiko altzariak
2012an, bere bilobaren eskutik, Pablo Sorozábal konpositore donostiar handiak bere sorkuntza-lanean erabilitako idazmahaiko altzariak jaso genituen dohaintzan. Altzari-multzoa honako elementu hauez osatuta dago: armairu bat, mahai bat, besaulki bat (larruz eta zurez egina) eta kabinet edo arasa txiki bat.
Zurezko altzarien multzo bat da, Gaztelako estilokoa, ebanisteria-lan bikaina duena, eta edertasun handiko motibo kixotesko, loredun eta mitologikoak dituzten erliebean tailatutako figurak dituena. Altzariek estilo-batasun bat dute, eta Pablo Sorozábal konpositoreak 1939 eta 1988 bitartean Madrilgo Luchana kalean zeukan etxebizitzan bere musika sortu, zuzendu eta kontserbatu zuen lan-ingurunea osatzen du.
Altzariak Mediatekako hainbat gunetan ipini dira, liburutegiaren berezko altzari uniforme eta funtzionalen eta urteen patinak bikaindutako idazmahaiko altzari eder horien artean kontraste interesgarria eta aberasgarria lortuz. Multzo horrek Musikenerentzat eta Mediatekarentzat duen balio sinboliko ikaragarria azpimarratu nahi dugu.