Iñigo Alberdi
Iñigo Alberdi Amasorrain (Soraluze 1973) Bilboko Koral Elkarteko gerentea da. Prestakuntzari dagokionez, Zuzenbidean lizentziatu zen EHUn, eta Musikaren Pedagogian eta Klabezinean goi-mailako titulua lortu zuen Donostiako Musika Kontserbatorioan. MBA masterra egin zuen Mondragon Unibertsitatean. Urteak daramatza musikaren kudeaketan lanean, eta Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi izan zen 2006tik 2014ra bitarte, baita Lizarrako Antzinako Musikaren Asteko zuzendari artistikoa ere, 2017tik 2019ra bitarte. Irakaslea eta banku-kudeatzailea izan zen bere ibilbide profesionalaren hasieran. Fair Saturday patronatuko kidea da, eta Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkarteko bokala eta presidenteordea izan da. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea da, Eusko Ikaskuntzako diruzaina izan da, baita Musikeneren patronatuko, Musika Hamabostaldiko eta ROCEko kidea ere.
Musika-erakunde horietako buruan lanean, arreta berezia eskaini die jarduera pedagogikoari eta musika-ondarea berreskuratzeko ahaleginei. Musika-kritikaria izan da Egunkarian eta Berrian, eta ohiko kolaboratzailea da Radio Euskadin eta Euskadi Irratian. Irakasle kolaboratzailea da Musikenen eta Nafarroako Unibertsitatean.