Jarrai Gaitzazu

Home  /  IKERKETA MUSIKENEN

IKERKETA MUSIKENEN

1999ko ekainaren 25eko Aginduak berekin ekarri zuen musikako goi-mailako graduaren curriculumean ikerketa inplementatu beharra, eta horrek 66ko plana (2618/1966 ED) nabarmen aldatzea ekarri zuen berekin, nagusiki, espezialitate guztietan espezialitatearen gai bati buruzko karrera-amaierako ikerlan bat egiteko betebeharra ezarri zuelako. Halaber, ikerketak garrantzizko presentzia dauka egungo curriculumean (631/2010 ED), goi-mailako graduaren lehen zikloa amaitzeko Ikasketa-amaierako lana egin beharra ezartzen baitu.

2004-2005 ikasturtean horrelako lanak egiten hasi zirenez geroztik, Musikenek konpromiso irmoa hartu du ikasleen ikerketa-prestakuntzaren alde, eta horrenbestez esan dezakegu ikerketa-konpetentziez jabekuntza sustatzea dela ikastegian ematen diren ikasketen zutabe nagusietako bat eta ikastegiaren nortasunaren ikurretako bat.

Hasiera-hasieratik lan horiek ebazpen baten bitartez arautu dira, lanak garatu eta ebaluatzeko prozeduraz gain lanak aurkezteko araudia ere ezartzen duena. Kontuan hartzekoa da, halaber, hasiera-hasieratik lanen zuzendaritza doktoreen esku utzi dela, eta batzuetan, ikerketa-alorrean konpetentziak dauzkaten irakasleen esku.

Eta hasieratik etengabe hobetu den jarduera izan da gainera, ikasketa-amaierako lanaren gogobetetze- eta erabilgarritasun-mailaren balioespenaren bitartez.

Zenbait irakasgaik —Musikaren historia I eta II, Musikaren filosofia, Jazz musikaren historia I eta II, eta Musika modernoaren filosofia eta estetika (lehen, bigarren eta hirugarren ikasturtean)— ikerketaren euskarri akademiko estrategikoa osatzen dute Musikenen. Ikasturteko lanen eskutik ikasleei prestakuntza eskaintzen diete ikerketa-konpetentziez pixkana-pixkana jabetzeko bidean. Pedagogiaren espezialitatean, Psikopedagogiaren eta Hezkuntzaren soziologiaren irakasgaiek ere zeresana dute horretan, eta Txistuaren espezialitatean, berriz, Landa-lanaren irakasgaiak. Irakasgai estrategiko horiei oinarrizko prestakuntzarako irakasgai guztiak eransten zaizkie, bakoitza bere jakintza-arlotik.

Ikasleek egindako lanek oso arlo tematiko zabalak hartzen dituzte, nagusiak jazza, pedagogia, ondarea eta ikerketa artistikoa direlarik:

Jazza

jazz musikaren gaineko bibliografia urria da, esaterako musika klasikoaren bibliografiarekin konparatzen badugu, baina gorakada handia izan du azken 25 urteetan. Nolanahi ere, zabalkunde hori eremu anglosaxoian nabari da batez ere, eta neurri txikiagoan Alemanian, Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan. Gaztelaniari dagokionez, bibliografia oso urria da. Hortaz, jazz ikasleen amaierako lanen lehen ekarpena —eta, agian ekarpen garrantzitsuena— da, kalitatean lanen artean agian nabari daitezkeen aldeak gorabehera, azterlan monografikoen kopuru handia osatzen dutela, eta horrek berrikuntza eta ekarpen handia suposatzen duela. Bigarrenik azpimarratzekoa da lan horietako batzuetan sintesi egoki bat lortu dela ikerketa bibliografikoarekin zerikusia duten alderdien eta transkripzioaren, azterketaren eta beste hainbaten ondorio direnen artean, eta, beraz, lan onenetan balio handiko ekarpenak bildu dira, eskuragarri dagoen bibliografia musika-edukiei buruzko ikerketarekin ongi uztartu dutelako, azken hori jazzean ezer gutxi garatu den alderdia izanik, baita eremu anglosaxoian ere.

Pedagogia

ikerketa eta ekintza da Pedagogiaren espezialitatearen ikerlanen xede nagusia, baita musika-hezkuntzaren errealitateari buruzko diagnostikoak egitea ere, erantzunak (edo konponbideak) emateko helburuarekin. Praktika-ikastegiekin harremanetan jartzeak arazoak detektatu eta hautatzeko aukera ematen die ikasleei, eta hortik abiatuta ikasleek ikerketa jartzen dute abian, informazioa bildu eta kontrastatzen dute, etab. Gainera, lortutako emaitzak beste ikerketa batzuetan ezartzeko aukera ere badute. Hala, prestakuntzak, praktikek eta ikerketak irakaskuntzari loturik dihardute, elkarreraginean. Azterlan mistoak (kualitatiboak, kuantitatiboak) eta deskribatzaileak ere badaude, korrelazionalak, inkestakoak, luzetarakoak, etab. Pedagogiaren espezialitatea alde batera utzita, nabarmentzekoa da instrumentistek ere jakintzaren adar horretara hurbiltzeko interesa dutela, besteak beste, hainbat instrumenturen teknikari buruzko tratatuak ikasiz.

Ondarea

musika-ondareari buruzko lanei, oro har, ikuspegi musikologiko batetik heltzen zaie, ezaguna den errepertorioa azterketaren jomugan jarrita, baita, gero eta neurri handiagoan, ezagutzeko dagoen errepertorioa ere. Interpretazio, pedagogia eta ikerketatik abiatuta ondarea berreskuratzeko balioaren gaineko hezkuntzaren alde Musikenek hartutako konpromisoari lotzen zaio hori guztia. Eremu horretan, Musikenenk elkarlan estuan dihardu Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarekin. Ikerketaren eremuan baterako ahalegin horrek ikerketa eta katalogazioko lanak eta edizio kritikoko lanak ekarri ditu berekin, baita interes eta balio handiko ikerlan originalak ere.

Ikerketa artistikoa

nabarmentzekoa da musika-praktikaren bidezko ikerketak suposatzen duela ikertutako jakintza-eremua jartzea musikako goi-mailako ikastegietako ikasleen espezialitatean. Horrelako ikerketek interpreteari eskatzen diote bere praktika profesionalari buruzko gogoeta egitea, praktika hori aberasteko eta/edo hobetzeko xedearekin. Interpretazio-praktikaren kasuan, azterlanak paradigma konstruktibistan oinarritzen dira bereziki, eta, arreta instrumentu-praktikan jartzen dutenean, gizarte-zientzietatik jasotako metodologia kualitatiboak baliatzen dituzte, hala nola parte hartuzko behaketa edo dokumentu-azterketa. Funtsezko berrikuntza ikerketaren xedearen haritik dator; izan ere, gaur egunera arte ahoz transmititu den jakintza bat ikertzen da, ikerketa-metodo bati jarraikiz sistematizatu gabe.

 

Goi-mailako graduko lehen zikloko ikasleen artean musika-ikerketa sustatu eta bultzatzeko helburuarekin, orain gutxi Musikenek eta Donostiako Orfeoiak Musikene-Donostiako Orfeoia izena daraman saria ezarri berri dute, ikasketa-amaierako lanik onena saritzeko. Lehen edizioa 2015-2016 ikasturtean izan zen, eta Iñigo De Peque Leoz organistak jaso zuen lehen saria Técnica interpretativa del órgano en la España del siglo XIX: una aproximación a la tratadística (Organoaren interpretazio-teknika XIX. mendeko Espainian: tratatuetarako hurbilketa bat) izeneko lanarekin; 2016-2017 ikasturtean, berriz, Inga Freyrsdóttir Lorenzo flautista izan zen irabazle, Estudio de la obra Urruntz de Félix Ibarrondo: un ejemplo del repertorio actual para orquesta de flautas (Félix Ibarrondoren Urruntz obraren azterketa: flauta-orkestrarako egungo errepertorioaren adibide bat) lanari esker.

 

Aipatzekoa da 2015-2016 ikasturtean Musikenek ikerketaren irakaskuntzan esperientzia berri bati hasiera eman ziola goi-mailako graduko bigarren zikloan, Ikerketaren metodologia izeneko irakasgaiaren bitartez batetik, eta Orkestra Ikasketen Masterraren (Hari-instrumentuak) garatu ziren master-amaierako lanen bitartez bestetik. Gainera, Musikenek Euskal Herriko Unibertsitatearen Arte Garaikidean ikerketa doktorego-programari, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoari eta Jaéngo Unibertsitateari laguntzen die doktorego-tesiak zuzentzeko lanetan.

 

Irakasleek egindako ikerketari dagokionez esan beharra dago gehienbat irakasle bakoitzak bere kabuz egindako ikerketak izan direla, edo gehienez ere kanpoko ikerketa-talde eta ikerketa-proiektuen esparruan egindakoak: deialdi publikoetan (Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Oviedoko Unibertsitatea, Granadako Unibertsitatea, Salamancako Unibertsitatea edo Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) finantzatutako I+G+b-ko ikerlanak, edo Eusko Ikaskuntza / Sociedad de Estudios Vascos, International Society for Music Education Espainian (gaur egun, Sociedad para la Educación Musical del Estado Español /Espainiako Estatuaren Musika Hezkuntzarako Sozietatea) eta beste zenbait elkarteri lotutakoak.

 

Proiektu instituzionalen artean, ondarea berreskuratzearekin lotutakoak nabarmendu behar dira: besteak beste, Garat Europako proiektua, 2003tik 2005era bitarte garatu zena euskal konpositoreen hari-laukoteak berreskuratzeko helburuarekin. Musikene, Conservatoire National de Région de Bayonne-Côte Basque, Eresbil eta Institut Culturel Basque erakundeen arteko elkarlanerako programa bat garatu nahi zuen proiektu horrek, Akitania-Euskadi Euroeskualdearen esparruan. Zazpi ekintza nagusitan egituratu zen programa: berreskuratze musikologikoa, kontserbazioa eta irisgarritasuna, hezkuntza, sorkuntza, edizioa eta zabalkundea. Usandizaga revival proiektua ere aipatzekoa da, 2015. urtean garatu zena konpositorearen jaiotzaren mendeurrenaren testuinguruan, eta hezkuntza-komunitate osoa inplikatu zuena konpositore horren irudia eta obra jarri zuelako, neurri batean, ikastegiaren ohiko irakaskuntza-jardueraren jomugan. Ikerketa-arlotik lagundu zen pianorako eta bandarako obraren edizioa prestatzeko lanetan, eta Usandizagarekin 4 ordu zikloaren esparruan, berriz, Ikasketa Amaierako Lanaren irakasgaiaren barruan konpositoreari eta haren garaiari buruz ikertzen ari ziren ikasleek, komentatutako kontzertuen proposamen bat egin zuten. 2017an Basque music history proiektua jarri zen abian Renoko (Nevada) Unibertsitateko Center for Basque Studies ikastegiarekin elkarlanean, eta gai horri buruzko argitalpen espezifiko bat eta sinposio bat sortu ziren horren harira.

 

Argitalpenen eremuan nabarmentzekoa da, Musikeneren monografia eta CDen bildumaz gainera, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eresbilek akordio berri bat sinatu dutela euskal konpositoreei buruz ikertzeko monografiak argitaratzeko, eta, bestetik, Jazz-Hitz: Revista de investigación de la música de jazz musikaren ikerketarako aldizkariaren lehen alearen argitalpena. Estatua aitzindaria den aldizkari hori nazioarteko bokazioarekin eta sarbide irekiarekin sortu da.

X