Musikene Sinfoniettak Eduardo Chillida omenduko du bere mendeurrenean kontzertu esklusibo batekin
Datorren abenduaren 14an, Musikene Sinfoniettak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko orkestra taldeak, Eduardo Chillidaren jaiotzaren lehen mendeurrena omentzeko kontzertu paregabea eskainiko du. Eduardo Chillida – Pilar Belzunce Fundazioarekin batera eta Unai Urrechok zuzenduta, kontzertu honetan Musikeneko irakasle diren Ramon Lazkano eta Gabriel Erkoreka euskal konpositore ezagunen lanak eta Jon Esnaola Musikeneko ikaslearen Gravitaciones lanaren erabateko estreinaldia izango dira.
“Poz handia da etxera itzultzea kontzertu berezi hau zuzentzeko, Eduardo Chillidaren mendeurrenaren ospakizunaren baitan, gure kulturako irudi enblematikoenetako bat baita. Kontzertu hau ez da Chillidari egindako omenaldia bakarrik, gure lurraren talentuaren eta ahalmen artistikoaren ospakizuna baizik” esan du Unai Urrechok.
Musikene Sinfonietta, sortzen ari den talentuari eta musika-ondare garaikideari balioa ematen dien musika talde bat da, eta ikuspegi sendoa du euskal sortzaileengan. Miren Iñarga Musikeneko Zuzendari Nagusi eta Akademikoaren iritziz “larunbatean eskainiko duen kontzertuak arte eskultorikoaren eta musika garaikidearen arteko lotura nabarmentzen du, euskal talentua bere forma guztietan nabarmenduz. Musika eta eskultura batzen dituen elkarrizketa artistiko honek azpimarratzen du Euskal Herriak sorleku izaten jarraitzen duela, hizkuntza berritzaile eta unibertsalen bidez bere nortasun kulturala mundura proiektatzen duten sortzaileen sorleku. Oraingo honetan, Sinfoniettak Chillidak bere ibilbidean zehar gorpuztu zuen espiritu sortzailea eta modernotasuna islatzen duen programa interpretatuko du.
Kontzertua hasteko, J. S. Bachen Ofrenda Musical, Ricercar a 6 (A. Webernen moldaketa), Eduardo Chillidak gehien miresten zituen musikagileetako bat; horrekin batera Ramon Lazkano konpositorearen Egan-4 obraren estreinaldia Estatuan eta Gabriel Erkorekaren Tenebrae lana. “Bere konposizioek gure tradizio artistikoaren aberastasuna eta aniztasuna islatzen dute, iragana orainarekin lotuz eta etorkizunerako bideak irekiz”, dio Unai Urrechok.
Gainera, Jon Esnaola Musikeneko ikasleak Gravitaciones estreinatuko du, Eduardo Chillidaren izen bereko seriean inspiratutako musika pieza eta proiektu honetarako egina. “Eskulturarekiko nire interes etengabean, Gravitaciones izeneko eskultura-saila aurkitu nuen Zabalaga baserriko bigarren solairua bisitatzean, airean zintzilik geratzen diren lanak. Nire lan musikalean, materiala lantzeko modua antzekoa da. Elkarren artean gainjartzen diren paperak ez bezala, bolumenak eta haien arteko espazioak sortzen baitituzte, gainjartzen diren materialak soinu-ehundura desberdinak dira”, azaldu du Jon Esnaolak.
Musika beti izan zen Eduardo Chillidaren pasio handienetako bat, Música de las esferas, Música callada edo De música sailetan frogatzen denez. Chillidak miretsitako konpositoreen artean Vivaldi, Mozart eta, jakina, Bach zeuden, eta haiei eskaini zizkien bere obretako batzuk ere. “Kontzertu hau oso aukera berezia da Bach berriz entzuteko, Chillidak mirespen sakona sentitzen baitzuen harengatik. Zalantzarik gabe, leku garrantzitsua zuen bai bere pentsamenduan bai bere sorkuntzan. Eta Musikene Sinfoniettarekin batera egiteak Chillidaren eta musikaren ondarea publiko zabalago batengana eramateko bide ematen digu”, dio Mikel Chillidak, eskultorearen biloba eta Eduardo Chillida – Pilar Belzunce Fundazioaren bozeramaileak.
Kontzertu hau Musikene eta Chillida Lekuren arteko hitzarmenaren baitan dago. Hitzarmen horrekin, bi erakundeen arteko elkarlanen programazio egonkor baten bidez, Eduardo Chillidaren inguruko sorkuntza artistikoa sustatu nahi dute, begirada eta narratiba berriak sustatzeko, euskal artistaren ondareak irauten duela eta, gainera, sorkuntza berrien abiapuntua dela erakutsiz.
Egitarau osoa
Eguna: 2024ko abenduak 14 Ordua: 19:00 Lekua: Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko auditoriumean Europa Plaza 2, Donostia – San Sebastián
● J.S. Bach / Anton Webern: Ofrenda Musical. Ricercar a 6 (ganbera orkestrarentzat moldaketa, 1934) ● Jon Esnaola: Gravitaciones ● Ramon Lazkano: Egan-4 ● Gabriel Erkoreka: Tenebrae ● Paul Hindemith: Kammermusik Op.24 nº.1 Doako sarrera gonbidapenarekin. Gonbidapenak kontzertuaren egunean bertan jaso ahal izango dira, 17:30etik aurrera, Musikeneko auditorioan. |