Jarrai Gaitzazu

Home  /  HISTORIA

HISTORIA

FUNDAZIOA

Eusko Jaurlaritzak 2001-2002 ikasturtetik aurrera goi mailako musika ikasketak ezartzea adostu zuen 73/2001 Dekretuaren bitartez, apirilaren 24koa (EHAA 86, 2001eko maiatzaren 8koa).

Agindu hori betetzeko asmoz, 2001eko maiatzaren 2an Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarentzat Fundazio Pribatua sortzea erabaki zuen (sortze-legea). Fundazio horren helburua diru-irabazirik gabe musika-irakaskuntzarekin zerikusia duten ekimen eta jarduerak sustatzea zenez, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia sortzea eskatu zitzaion, egoitza Donostian izanik.

Horren ondoren, Estatuko 50/2002 Fundazioen Legeak, abenduaren 26koak, sektore publikoko fundazioen kontzeptua sortu zuen. Euskadin fundazio mota berri hau –sektore pubikokoa-, 2006. urteko Euskadiko Ondarearen Legean arautu zen (5/2006 Legea, azaroaren 17koa).

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegirako Fundazio Pribatuak, Musikene, izaera juridiko berezko eta banandua du, eta bere estatutuen eta ezartzen zaizikion lege xedapenen bitartez arautzen da. Fundazioaren finantziazioa, gehienbat, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-languntzetatik dator. Ikastegian matrikula egiten duten ikasleen ordainketak eta legediak onartutako beste edozein ekarpen ere diru iturri ditu.

Patronatoa Fundazioaren agintaritza, administrazio eta ordezkaritza organoa da. Hala ere Fundazioaren beste organo edo pertsonengan ere delegatu dezake legeak uzten dion funtzioetarako.

 

 

MUSIKENE – EUSKAL HERRIKO GOI-MAILAKO MUSIKA IKASTEGIA

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia da, 2001-2002 ikasturtean Eusko Jaurlaritzak sortua Goi Mailako Musika Ikasketak irakasteko. Interpretazioa, konposizioa, zuzendaritza eta pedagogiaren esparruan kualifikazio profesionala bermatuko duen kalitatezko hezkuntzaren aldeko apustua egiten duen ikastegia da. Bere helburu nagusia ikasleei baliabide formatibo egokiak ematea da lan-mundurako bidea erraztuz, XXI. Mendeko musikaren eskakizun berriak kontutan izanik.

Musikeneren hazkuntza-filosofiaren ardatzetako bat ikasle bakoitzaren talentuaren garapenari ematen zaion arreta da, lanbiderako gaitasun handia lortzen duelarik. Lan-merkatuan ikasketak amaitu dituzten ikasleei eskatuko zaien mailari begira dagoen irakaskuntza da. Horretarako, Musikenek pedagogikoki ospe handiko irakasle taldea du, aldi berean nazioartean ere ezagunak bakarlari modura edo europako orkestra onenen kide direlako. Ikastegiak espezializazio maila handiko irakasleak aukeratu ditu, urtetako esperientziarekin.

Kurrikuloari dagokionez, espezialitatearen irakasgai zehatzak beste teoriko-humanistikoekin batera uztartzen ditu, ezinbestekoak baitira goi mailako hezkuntzak berezkoa duen osoko izaera hezitzailea lortzeko. Arrazoi hau bera dela eta, irakasgai horiek ez dira osagarri huts; espezialitate bakoitzaren helburu zehatzei sendo lotuta daude.

Hori dela eta, Musikenen irakaskuntza ez da bakarrik prestakuntza tekniko bikaina lortzea, prestakuntza teoriko eta humanistiko sendoarekin osatzen baita. Ondorioz, prestakuntza integrala duten profesionalak lortzen dira, bikaintasunez musika egiteko gai direnak, eta, horretaz gain, musikaren inguruan hausnarketa ere egiteko gai direnak.

 

 

IKASLEAK

Abian izan den hamar urteotan, Musikene Estatuko musika ikasleen artean erreferentziako erakunde akademiko bilakatu da, bai eta beste herrialdetakoa. Horren isla da ikaslegoaren jatorri geografiko anitzak.

Ikasleen trebakuntza altua nabaria izan da urterik urte, lehiaketa ospetsuenetan sariak lortu dituztelako, besteak beste Espainiko Consurso de Juventudes Musicales, Intercentros Interpretazio Sari Nazionala, Arrasateko Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa, eta beste asko.

Musikenen ikasleek kalitate handiko irakaskuntza jasotzen dute trebakuntza bikaineko irakasleen eskutik, ikastegiaren kategoria eta izen onarekin bat datozen giza-baliabide eta materialekin. Bertako Mediateka, 48.838 dokumentu katalogatu dituena, ikasleen ibilbiderako ezinbesteko tresna da.

X