Jarrai Gaitzazu

Home  /  Berriak   /  Hiru kontzertu handik itxiko dute Musikeneko Irakasle Zikloa

Hiru kontzertu handik itxiko dute Musikeneko Irakasle Zikloa

Urtarrilaren 28an, ostirala, Arturo Tamayo Orkestra Zuzendaritza irakaslea ikasle ensemble batek interpretatuko duen kontzertuaren buru izango da. Emanaldian Igor Stravinsky, Luis de Pablo, Kurt Weill, Gabriel Erkoreka eta Oliver Messiaenen musikaz gozatzeko aukera izango dugu. Bertan Aitor Garitano tenorrak, Sara Vazquez txirulariak eta Sebastian Armas biolinistak bakarlari gisa parte hartuko dute. Hitzordua 19:00etan izango da Musikeneko auditoriumean.

Hurrengo egunean, urtarrilaren 29an, larunbata, Gabriella de Esteban eta Arturo Tamayo zuzendari eta Musikeneko irakasleek Leonardo Moyano, Eros Quesada eta Aritz Labrador Orkestra Zuzendaritzako ikasleekin eszenatokia partekatuko dute matinée saio batean, Musikeneko ikasle ensemble bat zuzenduz. Topaketa honetan, Paul Hindemith, Richard Strauss eta Luciano Berioren musikarekin, Alicia Grünwald (mezzosopranoa) eta María Martín Campos (sopranoa) bakarlariek ere parte hartuko dute. Kontzertua 12:00etan izango da Musikeneko auditoriumean.

Zikloko azken kontzertua larunbatean bertan izango da, 19:00etan, eta Iñaki Alberdi akordeoi jotzaileak, Gonzalo Tejada kontrabaxu jotzaileak eta Mikel Andueza saxofoi jotzaileak osatutako hirukotea izango da oholtzan. Akordeoi mikrotonal eta tenperatutako Iñaki Alberdiren errepertorioko sei pieza oinarri hartuta, interpretatzaileek -guztiak Musikeneko irakasleak- hibrido bat eskainiko dute, partituradun musika garaikideko kontzertu baten eta jazz topaketa baten arteko fusio saio bat, inprobisazioa osagai garrantzitsua izango delarik. Helburua abangoardiako musika jazzera hurbiltzea da, bai eta alderantziz ere, hau da, jazzak berezko dituen inprobisazioa eta metodologia beste musika-hizkuntza mota batera hurbiltzea, espazio sinboliko komun imajinario bat aurkitzeko helburuz.

Kontzerturako sarrera doakoa eta librea izango da, lekua bete arte. Egungo osasun-egoera dela eta, agintariek ezarritako segurtasun-neurriei jarraituz, garaiz joatea gomendatzen da. Ateak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dira, eta ordura arte ilara gorde beharko da segurtasun-distantzia errespetatuz. Era berean, derrigorrezkoa izango da COVID pasaportea aurkeztea eta musukoa une oro erabiltzea. Halaber, bertako langileek emandako jarraibideak betetzea eskatzen da. Aretoan sartzean, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea ere gomendatzen da. Programa osoa HEMEN

X