Piano espezializazio ikastaroa Gustavo Díaz-Jerezekin

IRAKASLEA: Gustavo Díaz-Jerez
Gustavo Díaz-Jerez Espainiako musika interpretazioaren eta sorkuntzaren alorreko musikari adierazgarrienetakoa da. Pianista gisa Espainiako auditorium gehienetan aritua da eta mundu mailako entzunareto nagusi askotan ere jo du (New Yorkeko Carnegie Hall eta Alice Tully Hall, Vienako Musikverein, Amsterdameko Concertgebouw, Londresko Royal Festival Hall, Txinako Beijing University, Madrilgo Auditorio Nazionala, eta abar).
Espainiako musikaren interprete gailena den heinean, Medalla Albéniz saria jaso zuen 2010. urtean, eta Alicia de Larrochari ere eman zioten saria Iberia grabatu eta zabaldu izanagatik.
Konpositore moduan egin dituen lanak interprete eta talde entzutetsuek estreinatu dituzte nola Espainian hala Espainiatik kanpo.
Santa Cruz Tenerifeko musikari hau Jesús Ángel Rodríguez Martínen ikaslea izan zen bere jaioterriko Goi-Mailako Musika Kontserbatorioan, eta geroago Salomon Mikowsky izan zuen irakasle Manhattan School of Music ikastegian; bertan, Giampaolo Bracali eta Ludmila Ulehla-rekin batera konposizioa ere ikasi zuen.
Gainera, Real Academia Canaria de Bellas Artes de San Miguel Arcángel-eko akademiakide finkoa da eta 2002. urtetik piano-irakaslea da Musikenen, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian.
Azalpena
Ikasleari kontzertuak, lehiaketak edo edozein musika emanaldirako errepertorioa prestatzen laguntzeko helburua du irakasgaiak. Beharrezkoa izanez gero irakasleak orientazioa emango dio ikasleari bere ezaugarri eta asmoetarako egokien den errepertorioa hautatzeko.
Ikasleak bakarkako 20 ordu jasoko ditu. Saio horietan musika ulermen eta estiloaren, instrumentuaren teknikaren eta ikasketa metodoaren hainbat alderdi landuko dira. Arreta berezia emango zaie, gainera, ikasleak hala behar izanez gero, solbentziari, kontzentrazioari, soinuaren proiekzioari, bere gaitasunetan duen konfiantzari, e.a.
Espezialitateko gainontzeko ikasleekin kontaktuan, gainera, entzunaldi bat antolatu daiteke ikasleak prestatu duen egitaraua aurkezpen publikoa egin aurretik eskaini ahal izan dezan.
Matrikulatutako pertsonek, ikastetxeak hala proposatuta, Musikenek programatutako jarduera instrumentaletan edo hitzarmena duten beste musika-talde batzuekin lankidetzan egiten direnetan kolaboratzaile gisa parte hartu ahal izango dute euren borondatez
Egutegia
Ikaslearekin adostua eta irakaslearen egonaldien arabera.