Jarrai Gaitzazu

Home  /  Gradu ondokoak  /  ORGANOAN ESPEZIALIZAZIO IKASTAROA

ORGANOAN ESPEZIALIZAZIO IKASTAROA

IRAKASLEA: ESTEBAN LANDART

Piano ikasketak egin zituen Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan eta Organo ikasketak Baionako CNRn (Frantzia). Ondoren, Lyongo Goi Mailako Kontserbatorioan Jean Boyer-ekin egin zituen ikasketak eta Goi Mailako Musika Diploma Nazionala lortu zuen Organo espezialitatean, “Très Bien à l’Unanimité du Jury” aipamenarekin. Lyongo CNSMn bertan prestakuntza pedagogiko zikloa egin zuen eta Frantziar Errepublikaren Gaitasun Ziurtagiria lortu zuen Organo irakaskuntzarako. Ikerketa eta artikuluak argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta lan pedagogikoa Europa eta AEBn egiten dituen kontzertuekin uztartzen du, musika jaialdi garrantzitsuetan aritzen delarik. Organerian duen interes zehatzak hainbat elkarte eta batzordetako kide izatera eraman dute, organoak zaharberritzeko edo instrumentu berriak egiteko proiektuak landuz. Bere errepertorioan barne hartzen ditu garai eta estilo guztiak, Codex Faenza-tik hasi eta Schönberg-en Bariazioetara, Cabezónetik Radulescura, konpositore erromantiko eta sinfoniko handiak ahaztu gabe. Bere zaletasuna instrumentuaren arabera aldatzen da.

Gaur egun Organo irakasle titular da Baionako CRRn (Frantzia) eta Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.

Azalpena

Espezializazio ikastaro honen helburuak mota askotakoak izan daitezke. Lehenik eta behin irakaslearekin adostutako errepertorioaren interpretazioan espezializazioa lortzea izan daiteke, berorrentzat egoki diren instrumentuak landuz. Euskal Herriko instrumentu ondare aberatsak aukera asko ematen du.

Ikastaro honetan egiten den lanaren barruan ere emanaldi egitarau bat edo gehiago presta daitezke, errepertorioaren aukeraketa mugatuan oinarritu gabe. Irakasle eta ikasleak prestakuntza egitasmo pertsonalizatua egingo dute, ikasleak horren inguruan dituen helburuak bilduko dituena eta Musikenek eskaini ditzakeen aukeren barruan. Espezializazio ikastaro hau, gainera, antolatzen diren balizko ERASMUS elkartrukeen barruan sartzeko aukera ere izan liteke. Landutako errepertorioa Ikastegiak antolatutako entzunaldi batean eskaintzeko aukera ere egongo da.

Matrikulatutako pertsonek, ikastetxeak hala proposatuta, Musikenek programatutako jarduera instrumentaletan edo hitzarmena duten beste musika-talde batzuekin lankidetzan egiten direnetan kolaboratzaile gisa parte hartu ahal izango dute euren borondatez.

Egutegia

Eskolak modu malguan antolatuko dira ikasleen, irakaslearen eta instrumentuen erabilgarritasun aukeren arabera. Hainbat saio egingo dira, hilean behin gutxienez, beharrekoa izanez gero ikaslearentzat interesekoak diren instrumentu edo gertakari batzuetan (Erasmus…) hainbat saio batuz.

Eskola orduak: 20 ordu.

Eskolak eta entzunaldiak prestatzeko norberak ikasten gutxi gora behera eman beharreko ordu kopurua: 250 ordu

Prezioa:2.650€

X