Jarrai Gaitzazu

Home  /  Gradu ondokoak  /  BEETHOVENEN PIANORAKO SONATEN INGURUAN: ANALISIA ETA INTERPRETAZIOA

BEETHOVENEN PIANORAKO SONATEN INGURUAN: ANALISIA ETA INTERPRETAZIOA

IRAKASLEA: MIGUEL ITUARTE ZÁRRAGA

Miguel Ituarte Getxon jaio zen (Bizkaia). Musika heziketa Bilbo, Madril eta Amsterdameko goi mailako kontserbatorioetan jaso zuen, Isabel Picaza, Juan Carlos Zubeldia, Almudena Cano eta Jan Wijn-en eskutik. Anneke Uittenbosch-en eskutik trebatu zen klabezinarekin eta antzinako iberiar organoekin berriz Academia Internacional de Tierra de Campos delakoan, Francis Chapelet-ek sortua. Dimitri Bashkirov, Maria Joao Pires, Paul Badura-Skoda eta Maria Curcio-k irakaspenak eta aholkuak eman zizkioten.

“Jaén”, “Ferrol” eta “Fundación Guerrero” bezalako nazioarteko lehiaketetan lehenengo saria irabazia da, besteak beste, bai eta hainbat sari musika espainiarraren interpretazioengatik (horien artean “Rosa Sabater”, “Manuel de Falla” eta Fundación Hazen-ena). Santandergo Nazioarteko Lehiaketan ere finalista izan zen 1995ean.

Kontzertuetako egitarauan sarri bildu ditu teklaturako errepertorioaren obra handienak, Antonio de Cabezón-etik hasi eta egungo musika estreinaldietaraino. José María Sánchez Verdú, Zuriñe Fernández Gerenabarrena, José Zárate, Jesús Rueda eta Gustavo Díaz-Jerez konpositoreek pianorako obrak eskaini dizkiote. Arestian Bach-en Das wohltemperierte Klavier obraren grabazioan aritu da, eta Beethovenen sonaten serie osoa aurkeztu du.

Europako errezitaletan aritu da Amsterdameko Concertgebouw, Londongo Royal Philharmonic, Lisboako Gulbenkian edo Espainia eta Hego Amerikako orkestrekin. 2000. urteko urtarrilean Bartzelonako Auditorin Pianista Handien Zikloa ireki zuen Isaac Albénizen Iberia obrarekin.

Ganbera musikari dagokionez Takaks eta Ortys laukoteetik jo du. Gaur egun Cecilia Lavilla Berganza sopranoarekin lan egiten du. “Triálogos” hirukotearen kide izanik (Manuel Guillén eta Ángel Luis Quintanarekin batera) Beethovenen pianoarekin hirukoteen integrala grabatu zuen Televisión Españolaren Canal Digitalerako. Verso disko etxearen “Música de cámara actual” diskoan parte hartu du, Iñaki Alberdi akordeoi jotzailearekin batera Jesús Torres eta Gabriel Erkorekaren obrak interpretatuz. Columna Música disko zigiluak Joan Guinjoan-en piano eta orkestrarentzat Kontzertuaren bere bertsioa editatu du Bartzelonako Orkestra Sinfonikoa eta Ernest Martínez Izquierdorekin.

Piano irakasle da Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) berau 2001. urtean sortu zenetik.

Azalpena

Ikasleak hamabost eskola ordu jasoko ditu bakarka, eta beste bost ordu eskola kolektiboan ikastaroaren gaiaren inguruan. Gutxieneko lau ikasleko taldetik abiatuz, guztientzat hogei eskola ordu kolektibora iritsiko ginateke.

Bakarkako eskoletan hainbat alor landuko dira, hala nola musika ulermena, teknika instrumentala, ikasketa metodoa eta ikasleak behar izan dezakeen sendogarria ematea, kaudimena, kontzentrazioa, proiekzio sonoroa, bere gaitasunengan duen konfiantzari, eta abarren inguruan.

Landuko den errepertorioan gutxienez Beethovenen sonata bat sartzea eskatzen da. Garai bereko autoreak ere sar daitezke, edo nolabait gaiarekin lotura duten obrak (Haydn, Mozart, Schubert, eta abarren musika).

Eskola kolektiboetan Beethovenengan generoak izan duen eboluzioa azalduko da bere ekarpen estetikoak, formalak eta instrumentalak kontutan hartuz; irakasleak adibideak jarriko ditu pianoan. Bertan lekua izango da baita ere ikasleekin eztabaidarako bai eta beraien parte hartzerako ere, taldearen aurrean pianoan zatiak interpretatuz.

Ikastaroaren osagarri modura entzunaldi publikoa antolatuko da obra serie guzti honekin, ikasleek eta irakasleak berak parte hartuz.

Egutegia

Irakasleak eta ikasleek adostuko dute egutegia, bien eta ikastegiaren baliabideak kontutan izanik.

Eskolak eta entzunaldia prestatzeko norberak gutxi gora behera egin beharreko ordu kopurua: 250 ordu

Prezioa: 2500€

X