Jarrai Gaitzazu

Home  /  Gradu ondokoak  /  PIANOARENTZAT EUSKAL ERREPERTORIOA XVIII. MENDEAN HASI ETA GAUR ARTE

PIANOARENTZAT EUSKAL ERREPERTORIOA XVIII. MENDEAN HASI ETA GAUR ARTE

IRAKASLEA: JOSU OKIÑENA UNANUE

Josu Okiñenak lehenengo piano eta ganbera musika saria lortu zuen Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan. Félix Lavillarekin ikasi eta karrera amaierako ohorezko saria irabazi zuen Madrilgo Musika Errege Kotserbatorioan. Santiagon berriz Andrés Segovia eta José Miguel Ruiz sariak jaso zituen musika espainiarraren interpretazio onenari. Julliard School of Music-en ikasi ondoren ikasketak jarraitu zituen Maria Curciorekin. Josu Okiñena munduko areto ospetsuenetariko batzuetan aritu izan da. Ignacio Telleriaren “Concierto para piano y orquesta” obra estreinatu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Félix Lavillaren ahots eta pianorako integrala grabatu zuen Cecilia Lavilla Berganzarekin, eta Aita Donostiaren ahots eta pianorako integrala Almudena Ortegerekin, azken hori Warner Classic-ek editatua. Josu Okiñenak Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketa saria jaso zuen Aita Donostiari buruzko “La comunicación autopoyética, fundamento para la interpretación musical: su estudio en la obra para voz y piano de J. A. Donosita” lanarengatik. 2013an CD bat grabatu zuen Sony Classical etxearentzat Aita Donostiaren pianorako obrekin. Grabazio hori dela eta kritika espezializatuak urteko pianista rebelaziotzat jo zuen, diskoa 2013ko hamar onenen artean jarriz.

Azalpena

Pianorako euskal musikaren berezitasunak eta bere folklorearen ezaugarriak direla eta, alderdi esanguratsuenetan sakontzea behar beharrezkoa da berori interpretatzeko. Helburu horrekin eskaintzen da espezializazio ikastaro hau, honako deskriptoreetatik abiatuz egingo dena:

1- Euskal musika XVIII. mendetik: pianorako euskal errepertorioan oso estilo eta garai ezberdinetako konposizioak daude. Deskriptore honen garapenak ibilbidea egiten digu XVIII. mendeko klabezin jotzaileetatik hasi eta egungo konpositoreetaraino, aipagarrienak Eguiguren, Gamarra, Larrañaga, Oxinaga, Donostia, Guridi, Usandizaga, Ravel, Garbizu, Eroreka eta Lazkano.

2- Pianorako euskal konposizioetan eragin nagusiak, bereziki nazioarteko errepertorioarenak. Pianoaren Euskal errepertorioan sakontzeko ezinbestekoa da mendebaldeko musikaren hizkuntzak, konposizio teknikak eta egoera sozial eta historikoa ezagutzea.

3- Folklorea euskal errepertorioaren konposizioetan ezinbesteko elementu modura: konposizio hauek aztertzeak musika folklorikoan sakontzea eskatzen du, batez ere euskal nazionalismo musikala ordezkatzen duten konpositoreetan, hala nola Donostia, Guridi eta Usandizaga.

4- Pianoan baliabideak eta interpretaziorako tresnak: soinuarekin saiakerak egitea sonoritate batzuk beste batzuekin kontrajarriz, eta taldean hausnarketa egitea, horiek dira pianorako euskal musika interpretatzerakoan aukerak areagotzen laguntzen diguten baliabideak eta tresnak .

Egutegia

Ikastaroa urtarrila erdialdetik martxoaren amaiera arte egingo da hamar astetan zehar, bakoitzean ikasleak banakako eskola ordu bat jasoko duelarik (ordutegia zehazteke), eta eskola kolektibo bat ostiraletan 15.30-16.30 bitartean.

Norberak ikasten eman beharreko orduak gutxi gora behera: 200

Gutxieneko taldea: 4 ikasle

Prezioa: 1600€

X