Pierre-Emmanuel de Maistre musikari frantsesa, Amsterdam-eko Concertgebouw Errege Orkestran bakarlari eta Musikenen orkestra errepertorio irakasle, kontrabaxu irakasle berria izango da gure ikastegian. Essen-go Folkwang Hochschule-n eta Paris-ko goi mailako kontserbatorioan (CNSM) Vincent Pasquier irakaslearekin ikasia, Herbeheretako orkestra entzutetsuan sartu aurretik Gustav Mahler Jugendorchester eta Lille-ko orkestrako kide izan da eta Seiji Ozawa-ren Genevako Nazioarteko Ganbera Musika Akademian parte hartu du.

Biolin espezialitateak ere irakasle berria du, Tatiana Samouil bakarlari eta pedagogo belgikar-errusiar ezaguna, hain zuzen ere. Queen Elisabeth Music College eta Amberes-eko Errege Kontsebatorioan irakasle, ospe handiko sariak irabazi ditu, hala nola Queen Elisabeth, Sibelius edo Tchaikovsky sariak. Moskun hasi zuen trebakuntza Fatkulin edo Glezarova bezalakoekin, eta maisuen artean Igor Oistrakh-en mailako musikariak izan ditu. Disko ugari grabatu ditu, azpimarratzekoak Ysaye-ren piezei buruko grabazioak, Diapason d’Or saria lortuz.