Orkestra Ikasketen Master ofizialean izena emateko epea zabaldu berri du Musikenek. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkar-lan estuan egiten den masterra da, eta aurten, gainera, 1.420 eurotik hasita egin ahal izango dute hari instrumentistek, AIE erakundeak eta Beasaingo Udalak ematen dituzten bekei esker. Horri Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin orkestra praktikak egiteagatik ikasleek jasotzen duten ordainsaria gehitu behar zaio.

Hari jotzaileentzat Orkestra Ikasketen Irakaskuntza Artistikoko Master hau ezaugarri horietako lehenengoa eta bakarra da Estatuan. Aukera asko ematen dizkie ikasleei, hala nola Europako irakasle onenekin ikastea, beste edozein profesional bezala Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikarekin batera entsegu, kontzertu eta biretan aritzea, orkestra probak prestatzea benetako simulakroak eginez, edo orkestra musikaren inguruan ikerketa egitea, etorkizunean doktoretza ikasketak egiteko aukera emanaz.

Orkestra errepertorioan espezializatzeko eta oposaketak prestatzeko pentsatutako masterra da. 60 ECTS ditu eta urte beten edo bi urtetan egin daiteke. Irakasleen kalitatea da masterraren alderdi erakargarrienetakoa, Musikeneko irakasle ospetsuez gain lehen edizioetan Gordan Nikolic izan baitu kontzertino-zuzendari hari orkestra proiektu batean, beste maisu gonbidatu handiren artean.

Ministerioak homologatutako Masterra izateak Goi Mailako Hezkuntza Esparrua (GMHE) osatzen duten herrialdeetan onartua dagoela esan nahi du. Aldi berean Administrazio Publikoan egiten diren oposaketa edo lehiaketetan puntu gehiago ematen ditu, eta Hezkuntza Ministerioaren bekak eska daitezke. Titulazio propioko masterrak berriz etengabeko formaziotzat hartzen dira eta ez dute doktoretza programetan sartzeko balio.

Musikenek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hirugarren urtez abian jartzen duten Master honekin, Euskal Autonomia Erkidegoa goi mailako musika hezkuntzaren aurrealdean izango da berriz ere. Izena emateko epea martxoaren 27tik ekainaren 4a arte egongo da zabalik. Sarrera probak ekainaren 16 eta 19a bitartean egingo dira eta matrikulazioa online egingo da uztailaren bigarren hamabostaldian.

http://musikene.eus/eu/masters-postgrados/master-oficial-de-estudios-orquestales/